2014/09/25

Ore ama - Ama ore.

Aupa,
Aspalditik zalantza bat neukan eta argitzeko asmoz Euskaltzaindiara idatzi nuen, edo hobeto esanda, idatzi zuen, lagun batek egin zuelako.

Galdera
Nola esan beharko genuke erdarazko "masa madre" euskaraz? "Ama orea" esango bagenu ondo arituko ginake?

JAGONETeko arduradunak emandako erantzuna
Euskaltzaindiak arautu gabeko kontua da hori, eta tradizioan ere ez dut aurkitu. Nik "ore ama" esango nuke; baina interneten nagusi da "ama(-)ore" erabilera (desegokia, nire ustez).

Hemendik aurrera ore ama jarriko dut, baina orain arte egindakoa dagoen moduan lagako dut(?).

Ondo izan.

2014/09/11

OGIA. Ogizaleen 1go. jardunaldia Gasteizen

Hurrengo hilabetean, urriak 18an hain zuzen ere, Gasteizen ogizaleen 1go. jardunaldiak izango dira. Aitzaki hobezina Gasteiztik pasatzeko, ez duzue uste?
Ogiaren garrantzia berreskuratzea du helburu.
Mahai-inguruak, tailerrak, dastaketak, .... izango dira. Profesional, zaletu eta ikusnahiei zuzendua.
Entzun, eztabaidatu, ikasi.

Lotura (euskeraz eta erderaz) lagako dizuet eta horrela ikusiko duzue nondik nora doan jardunaldi hau.

http://www.jornadaogia.com/?lang=eu

Ondo izan.

2014/02/27

Astirik ez dutenentzat

Ogiaren buruz hizketan hasten garenean jende askok gauza bera esaten digu; joe! baina nik ez daukat astirik. Ba nire egunak, zureak bezala, 24 ordu ditu. Ez gehiago eta ez gutxiago esaten diegu. Hozkailua okinentzat kriston asmakizuna dela eta etekinak ateratzeko esaten diegu ere, baina keeeba.
Gaurko hau, eurei, astirik ez dutenei dedikatua doa. Besteontzat ere, noski.
Bi egun behar dira ogi hau edo antzekoak egiteko, lana minimoa da eta ez dago oratu beharrik. Hau txoiloa!!!!!!
Osagaiak:
  • Rincon del Segura-ko indar pixkat (W200) duen galirin txuria, 400gr.
  • Rincon del Segura-ko zekale integrala, 88gr.
  • Ura, 315gr.
  • Ama orea, 200gr.
  • Gatza, 12gr.
 Lehenengo eguna:
  • Goizeko 7:00etan ama orea elikatu (5gr. ama ore + 100gr. ur + 100gr. RdS. indar irin txuria) arratsaldeko 17:15etan prest izateko. Tenperaturaren arabera denbora gehiago edo gutxiago beharko duzue. Kasu honetan, prozesu osoa 22ºtan egindakoa da.
  • Arratsaldeko 17:15etan osagaien nahasketa egin, bi tolesdura eman, olioztatutako bolean sartu eta 22ºtan ordu bete laga.
  • 18:45etan tolesdura bat eman eta hozkailura sartu.
Bigarren eguna:
  • Arratsaldeko 17:15etan hozkailutik atera eta 22ºtan ordu erdi laga. 
  • 17:45etan tolesdura eman eta boleatu pixkat.
  • 18:00etan formatu eta irineztatutako banetoi baten sartu.
  • 20:30etan labean sartu. 
  • 21:15etan labetik atera.
Ogi hau egitea pentsatu nuenean banekien ondo aterako zela, goxoa eta dotoria, baina zalantza bat neukan. Gaur, lantokian, 8/10 bat pertsonek dastatu dute eta zalantza kendu didate. Azidotasuna 0 duela esan didatenez, pozik geratu naiz, hori baitzan nire zalantza bakarra. Hozkailuan hainbeste ordu pasatu behar zuenez azidotasun dexente hartu zezakeela pentsatzen nuelako.

On egin, eta inauteriak gozatu.

2013/01/21

Kamut eta Aurore Florence

Azkenengo sarrera publikatu nuenetik zazpi hilabete pasa dira, baina ogia egiten jarraitzen dut eta ogiarekin zerikusia duten beste gauza batzuekin ere. 
Ez dut laga bloga eta ez daukat lagatzeko asmorik, momentuz ez behintzat. Sarrerak beste era batera publikatzea da nire asmoa baina guztiz galduta nabil, aber egunen baten laguntza jasotzen dudan eta martxan jartzen naizen.
Ez nuen sarrera bat argitaratzeko asmorik baina pasa zen astean Cantabriako lagun batek oparitutako irinak nituela gogoratu nuen. Sarrerari izena ematen diotenak hain zuzen ere.
Beharbada ez da izango batere zaila irin hauek topatzea baina nik erabili ditudanak, bai.
Zergatik? ba nire lagun horrek erein zituelako, ta ez asko gainera. Hain kantitate gutxi izanda edozein errotan ez zioten ehotuko eta errota bat behar zuenez ba neria eskaini nion. Irailean Laredon elkartu ginan eta bertan ehotu genituen. Gaurko ogia horren ondorioa duzue.

 Osagaiak:

  • 282 gr. Kamut irina.
  • 398 gr. Aurore Florence irina.
  • 200gr. *ama orea.
  • 444 gr. ura.
  • 13 gr. gatza.
*Ama orea egiteko ere bi irin hauek erabili nituen, bakoitzetik 50gr. eta 100gr. ur.

Prozedura:
Bol batera irinak, ura eta ama orea bota, nahastu eta laga 45 minutu atsedena hartzen. Ondoren gatza gehitu eta oratu, kasu honetan 20 minutu inguru. Olioztatutako bol batera sartu eta 3 ordu eta erdiko fermentazioa eman nion, orduro tolesdura bat emanez. Boletik atera, boleatu, eta 15 minututan erlaxatzen utzi. Erlaxatuta dagoenean formatu, irineztatutako banetoi baten sartu, eta bigarren fermentazio eman, kasu honetan bi ordukoa. 

Labea 250ºtan martxan ipini, beheko partean lurruna sortzeko ontzi bat jarriz. Tenperaturara ailegatzen denean, orea banetoitik atera, taxuak eman, labean sartu, lurruna sortu eta 40-45 minututan egina dago. Hasierako 20 minututan 250-225ºtara eduki eta azkenengo 20 minututan 200ºtara jaitsi.
24 ordu pasa ondoren frogatu dugu eta mundiala dago, oso oso ona.
Milesker David.

2012/06/07

Ama orea (nola elikatu ogia egitera goazenean?) -Bideoak-

Hurrengo lau bideoetan ikusiko duzue nik erabiltzen dudan metodoa. Horrek ez du esaterik nahi bakarra dela e? Nik, gaur arte, hiru metodo desberdin erabili ditut eta emaitza onenak, honek eman dizkit.
Orain ikusiko duzuen prozesoa, 22º inguruan, 17 ordu inguru irauten ditu.
Ez ahaztu, giro tenperatura eta irinen arabera dela. Oso oso inportantea da, ama oreari neurria hartzea. Prozesu honek zenbat irauten duen jakitzen badugu, erreza daukagu, bestela esklabizatu egingo gaitu eta ez da batere komenigarria, ulertzen?

1. saioa
Osagaiak:
12gr. ama ore
12gr. ur
12gr. gari indar irina (hipermerkatuetan)
Bideoa, hemen.


2. saioa
Momentu honetan, zenbat ama ore daukagu? 12+12+12=36gr., ezta? Hauek hurrengo elikaduraren, Osagaiak:
36gr. ama ore (potoan daudenak)
36gr. ur
36gr. gari indar irina (hipermerkatuetan)
Bideoa, hemen.


3. saioa
Momentu honetan, zenbat ama ore daukagu? 36+36+36=108gr., ezta? Hauek hurrengo elikaduraren, Osagaiak:
108gr. ama ore (potoan daudenak)
108gr. ur
108gr. gari indar irina (hipermerkatuetan)
Bideoa, hemen.

4. saioa
Momentu honetan, zenbat ama ore daukagu? 108+108+108=324gr., ezta? Kasu honetan 250gr. erabiltzera noa, sobratzen zaidana, hurrengo baterako hozkailuan sartuko nuke, ulertzen al da?
Bideoa, hemen.


Oharra.- Metodo hau erabiltzea erabakitzen baduzue, zatiketa errez bat egitea besterik ez da. Egin behar duzuenaren totala, zati 27.
Ez ahaztu, hurrengorako zati bat gorde behar dela e?

Ama orea (nola kontserbatu?)

Bizirik mantentzeko egunero elikatu behar den gauza bat da, baina ez gara bere menpean egongo, ezta? Ogia egin ondoren sobratzen zaiguna hozkailuan sartuko dugu eta bertan laga, hurrengo ogia egin arte ados?
Kontserbatzeko beste modu bat disekatzea izango litzateke. Horretarako, landare paper gainean 2-3 koilarakada ama ore zabaldu eta egun batzuetan sikatzen lagako dugu. Sikatuta dagoenean papera eskuekin estutu eta ama orea eskatetan apurtuko da, poltsa baten barruan sartuta gorde daiteke eta munduko edozein tokira bidali ere. 
Edozein modutara ez du merezi kantitate haundia edukitzea.
Berpizteko (berriz martxan jartzeko), elikatzea besterik ez da egin behar. Nola?

Ama orea (nola egin?) -Bideoak-

Nire bizitzako lehenengo ogia egitea pentsatu nuenean, ez nekien nondik hasi eta sarean begiratzea bururatu zitzaidan. Hasi eta berehala, ez nekien nondik jarraitu. Toki askotan begiratu nuen baina gauza asko eta asko ez nituen ulertzen.
Buff!!!, hau marka. Non sartu naiz? Merezi al du halako zerbaitetan hastea? Joe, zer da ama orea? Zer okin legamia? Indar irina, zein irin da hori? uff!!!
Ostia!! euro bat hartu, beheko okindegira joan eta egina dago, erreza da, baina ez, ez dut nahi horrela jarraitzerik, benetako ogia jatea nahi dut beraz, aurrera!!!


Nondik hasi? Nik emandako lehenengo pausotik, zer moduz?

AMA OREA
Ogi munduan emandako lehenengo pausoa, hau izan zen, Ama orea. Zergatik hau? Baaa ogia egiteko prozesua ahal dan eta naturalagoa izatea nahi nuelako eta horretarako, etxean egindako legamia erabiltzea pentsatu nuen. Sareko blog batean nola egiten den ikusi nuen, eta han azaldutako metodo bat erabiliz egitea lortu nuen. Metodo hori da hemen jartzen dizuedana, bideoak eta guztiz. Ez da betere zaila, egunetako prozesua denez pazientzia pixkat eskatzen du, besterik ez!!
Beharbada ez zaizue joango bideoetan ikusten den bezala, baina ez larritu eta jarraitu!! Giro tenperatura eta irinen arabera, denbora gehiago edo gutxiago beharko duzue eta. Inportanteena metodoa da, ez irudiak, ados?

Nola egin?
1. eguna.
Osagaiak:
20gr. zekale irin integrala (belardendetan)
20gr. gari indar irina (hipermerkatuetan)
2 koilaratxo jogurt gaingabetua
Mahaspasa batzuk. Kontutan izan zenbat botatzen dituzuen, aurrerago den denak atera behar dituzuelako. Ez dira izan behar azal disdiratsua duten hoietarikoak, azala pixkat zurituta dutenak baizik.
50gr.ur
Horrez gain pisu bat (zehatza bada, hobe), koilaratxoa, kristalezko poto bat, trapu zatia eta gomatxo bat ere beharko dituzue. 
Bideoa, hemen.


Oharra.- Kontutan izan irinen arabera ur gehiago edo gutxiago zurrupatuko duela, ados? Nahastu ondoren testura ahi (papila) lodi batena izan behar duela eta giro tenperatura egokiena 20-25º artean dela, ados?

2. eguna
Osagaiak:
50gr. ur
20gr. zekale irin integrala (belardendetan)
20gr. gari indar irina (hipermerkatuetan)
Bideoa, hemen.


3. eguna
Gaurko honetan, osagaiak bikoiztu egingo ditugu, eta agian burbuilatxo batzuk ikusiko dira.
Osagaiak:
100gr. ur
40gr. zekale irin integrala (belardendetan)
40gr. gari indar irina (hipermerkatuetan)
Bideoa, hemen.

4. eguna
Gaurkoan, mahaspasak kenduko dizkiogu eta pototik daukagunaren 2/3 aterako ditugu. Aurrerantzean, irin zuriarekin elikatuko dugu horrela, ama ore zuria lortuko dugulako eta irinaren arabera ogi zuria edo integrala egin ahal izango dugulako, ulertzen? Ama orea integrala bada, ogi zuria egitea ezinezkoa baita ados?
Burbuilak, atzo baino askoz gehiago egon beharko lirateke.
Osagaiak:
100gr. ur
125gr. gari indar irina (hipermerkatuetan)
Bideoa, hemen.


5. eguna
Ama orea hasi egin da, berriz ere 2/3 aterako ditugu. Hemendik aurrera potoa markatzea komeni zaigu, puntu gorena noiz hartzen duen jakitzeko eta momentu horretan elikatzeko, nahiz eta 24 ordu ez pasatu.
Osagaiak:
Hemendik aurrera eta prozesoa amaitu arte, atzoko osagai berberak erabiliko ditugu.
Bideoa, hemen.


6. eguna
Ikusten duzuenez, burbuila geroz eta gehiago daude eta egunak pasa ahala geroz eta azkarrago hartzen du puntu gorena, ia prest dagoenaren seinale da. Prozesoa beste pare bat egunetan jarraitzea komeni da, ama orea indartsu egoteko. Ondoren, bildur barik, ogia egin dezakezue.
Osagaiak:
Esandako moduan, azken egunetako berberak.
Bideoa, hemen.


Oharra.- Ama orea behin egiten da, nireak dagoeneko 20 hilabete (2011-01-12) ditu. Hori bai, ondo zaindu beharko dugu bestelaaa .... eta horretarako ondo kontserbatu behar da, noski.