2011/04/06

Okinaren portzentaia

Hemen ikusiko duguna nahiz eta hasiera baten oso zaila iruditu, behin ulertuta, ogia egiteko oso lagungarria egingo zaigu. Beti irin berdinak edo antzekoak erabiltzen baditugu, ogien hidratazioak ezagututa, ezinbestekoa dela esan dezakegu.

Ogi desberdinen hidratazioak:
  • Gaztelako ogia; %50-55
  • Barrak eta ogi basikoa; %60-65
  • Ogi errustikoa (baserrikoa); %65-68
  • Ciabatta, focaccia, pain a l´ancienne,.... %70 gora
Kontutan izan behar dugu formula honekin irina beti %100a izango dela eta osagaien pisua irinaren neurriaren arabera kalkulatuko dugula.

Lehenengo, zein ogi (hidratazioaren arabera) nahi dugun pentsatu behar dugu, ondoren, oreak zein pisu izatea nahi dugun eta horrekin, bai irinaren pisua eta bai urarena aterako ditugu.

Adibide honetan, ogi erreza (%63ko hidratazioa) eta orea kilokoa izango dira.
Gatza ez dugu kontutan hartuko kantitatea oso txikia delako (13gr.)

Irina; unitatea izango denez, 1 izango da.
Ura; %63koa izango denez, 0,63 izango da.
Bihak gehitzen baditugu; 1+0,63= 1,63 ateratzen zaigu.
Orea; kilokoa (1000gr.) izatea erabaki dugu.

Portzentaiak ateratzeko formula:
  • 1000:1, 63= 613gr. irina (%100) eta orearen neurrira ailegatzeko beste guztia ura izango da, beraz,
  • 1000-613= 387gr. ura (%63)
Hauek dira gaurko *adibidean erabiliko ditugun osagaien neurri osoak.

Gaurko adibidearen osagaiak dira, baina legamia (kasuan, ama orea) falta zaigu eta bertatik atera beharko dugu.
Ama orea egiteko erabiltzen dugun neurria normalean %35 inguruan dabil eta adibidean ere neurri bera erabiliko dugu. Gure ama orearen hidratazioa %100 da, beraz, irinak eta urak neurri bera dute.
Irinaren pisua (613gr.) kontuak egiteko oinarria denez, eta kontutan izanda ama orean irinak eta urak neurri bera dutela, ateratzen zaigun emaitza bitan zatituko dugu.

Ama orearen neurriak ateratzeko, formula:
  • 613x35:100= 214gr. ama ore, guztira.
  • 214:2= 107gr. irina eta beste hainbeste ura.
Honek, ama orea egiteko bai irinari bai urari 107gr. kenduko dizkiegula esatea nahi du.

Beraz errezeta horrela geratu zaigu:
  • Irina, 506gr.
  • Ura, 280gr.
  • Gatza, 13gr.
  • Ama orea, 214gr.
Ama orea erabili beharrean legami freskoa erabiltzea pentsatzen badugu, *adibide bera izango litzateke baina irinari eta urari ezer kendu barik.
  • Irina, 613gr.
  • Ura, 387gr.
  • Gatza, 13gr.
  • Legami freskoa 12gr. Legami sikua bada, beti freskoaren herena, kasuan, 4gr.
Errezeta horrela ikusten badugu, eta uraren portzentaia zein den jakitzea nahi izan ezkero, hauxe izango litzateke formula:
  • 387:613= 0,63. Hor, uraren portzentaia.
Ulertzen al da? Zuek esan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario