2011/02/20

Txakinarto eta gari ogia

Bueno, ba sarrera honekin Luis Azillonari omenaldi xume bat egitea nahiko nioke eta bide batez nire mirespena azaldu.
Pertsona bategaz gauza asko entzuten dituzu (egiak, gezurrak?) baina ezagutzea beste gauza bat izaten da. Kasu honetan entzundako guztia egia zan, baina nire ustez orain arte entzundakoa ez zen bere neurrira ailegatzen.
Txakinartoa zer den jakiteko berarekin egotea ezinbestekoa da. Gauza asko irakurri daitezke, entzun ere, baina bera da horren gainean gehien dakien pertsona, dudarik gabe. Eta oso argi daukat gauza bat, txakinartoa gure artean badago berari esker dela, bere bizitzako ordu eta ordu asko horretan eman dituelako, eta emango dituenak.
Joee!!! bere etxean jandako taloa ez dauka izenik. Horrek bai merezi dituela izar batzuk.
Eta ogi hau, hemen duzuena, berari esker da.
Osagaiak:

150 gr. galirin txuri ekologikoa (RdS)
150 gr. galirin txuri ekologikoa (Los pisones)
200 gr. txakinartoa
220 gr. ama ore txuria (%100)
390 gr. ura (%82)
13 gr. gatza
Lehenengo aldiz egiten nuela eta ez nuen nahi arrieskatzerik, beraz ogi honek ez dauka misterio haundirik. Gehienak bezala egin dut.
Gatza ezik, beste osagai guztiak nahastu, autolisia, gatza gehitu eta oratu. Eskuetan lagatzen duen usaina flipantea, itzela!!! 1. hartzidura, tolesdurak, formatu, 2. hartzidura eta labekatu, besterik ez.
Honi, hirugarren tolesdura ematea kostatu zitzaidan orea oso oso indartsu zegoelako. Orea sartu nuenean labea 270ºtan zegoen.
Hurrengoan, (ez du behar) ur gehiago botako diot onartzen duelako, txakinarto gehiago ere.

Gomendio bat; ahal baduzue bisitatzera joan, ziur nago ez zaretela damutuko, ezta gutxiago ere.
Mila esker, Luis eta familia.

2011/02/15

Gorputz txuria, bihotz beltza.

Ogi hau halakoa da.
Azkenengo tailerrean sobratutako bi irinen nahasketa neukan eta aprobetxatu beharra zegoen.
Bi irin txuri ekologikoak, hortik gorputz txuriarena. Eurekin batera ama ore integrala erabili nuen, hemendik bihotz beltzarena.
Ogi integralak egiteko normalean ama ore integrala erabiltzen dut, baina gaur arte inoiz irin txuriarekin. Probatxeko momentua zen eta hemen emaitza.
Osagaiak:
250 gr. galirin txuri ekologikoa "Los Pisones".
250 gr. galirin txuri ekologikoa "Rincon del Segura".
230 gr. ama ore integrala.
285 gr. ura.
13 gr. gatza.

Osagai guztiak nahastu, gatza ezik. 30 minutuko autolisia egin, gatza gehitu, nahastu, mahai gainera atera eta oratu. Suabe suabe, gozo gozo, eta prisa barik oratu nuen. 10-12 minutu, tarteka atsedenalditxoak emanez.
Olioztatutako bol baten sartu eta hiru orduko hartzidura eman nion, ordu betero tolesdura bat eginez. Boleatu, 10 minutu erlaxatzen utzi, formatu tentsioa emanez eta bannetoian sartu. Berandu zenez hozkailura sartu nuen.
Handik 12 ordura hozkailutik atera eta labea martxan jarri nuen. 260ºra heldu zenean, ura sutan ipini, orea bannetoitik atera, taxuak eman, labean sartu eta ura irakiten behealdean nuen ontzi batera bota.
Labea amatatu eta tenperatura 200ºra heltzen ari zenean berriz piztu nuen. 15 minutu geroago ontzia atera, eta ordu erdi beranduago ogia egina zegoen. Labea amatatu eta bertan beste hamar minutu inguru laga nuen.
Izozkailuan sartu baino lehenago zati bat jan dugu eta samur samurra dago. Goxoa, redio!!!

Sarrera hau asko maite ditudan pertsona batzuei dedikatzea nahiko nieke, Usurbileko peñari hain zuzen ere.
LeIRe, Jabi, Ikatz ;), Andoni, Aitziber U., Pernando, Aitziber, Jakoba eta beste guztiei. Merezi duzuelako, ke ostias!!!
Mila esker. Muxu bana denontzat.

2011/01/16

Bideoak

Aupaaa.
Ama orea nola egin eta nola elikatu ikusteko, bideoak berriz ere, martxan dituzue.
Bai hemen eta bai irinak eta urunak blogean.
Animatu eta martxan jarriii!!!!!!!!

2011/01/01

Urtebete.


Gaur (Urteberri eguna) irinak eta urunak blogak bere lehenengo urtea betetzen du.

Z O R I O N A K


2010/11/15

Gaztainerre eguna

Aupiiii, lehenengo istoria txiki bat.

Egun hau Eibar, Ermua eta Soraluzen arimaren egunetik bigarren astelehenean ospatzen da.
Aintzinean, familiak etxean ospatzen zuten, sarri, familia bat baino gehiago etxe berean elkartuaz. Gaur egun ordea, lagun arteko afari meriendak eginaz ospatzen da. Afari-merienda hauek herriko tabernetan edo inguruko hauzoetako bentetan egiten dira. Afaria goiz xamar hasten da eta lehenbiziko eta plater nagusitzat marraskiloak saltzan, txorizo errea eta azkenik gaztaina erreak dastatzen datza ohitura. Azpimarragarria da baita ere, orain arte gizonezkoek soilik ospatzen zuten jaia zela.
Gaztainerre zergatik? gaur gure basoetan gaztaina gutti bada ere, aspaldi batean ugaria zen arbola mota hau eta urte garai honetan jakirik ugariena eta merkeena (gaztaina) ematen zuelako batipat.
Uste dugu aintzina orain baino hedakunde haundiagoa izango zuela afari merienda honek. Hemen esan ohi denez, hilketa ondorengo "ondra janak" bezala omen da gaztainerre. Horregatik egiten da dominu santu eta arimen egunaren ondoren.
Eibar, Ermua eta Soraluze herrietako nekazarien artean, eta baita Durangaldekoen artean ere, oraindik bizirik irauten du hileta ondorengo "ondra janak". Ohitura hau kontutan harturik argi dago Gaztainerre egunaren jatorria, dominu santu eta arimen egunak haintzat harturik, urtean behingo anaitasunezko otordua egitea hildako guztien oroimenean dala.

Idatzi hau, J.A. Mogel ikastolako artxibotik jasotakoa duzue.

Zapatuan, Dan Lepard eta Ibanek sinatutako pare bat liburu eramatera joan nintzen. Toki bietan opariak eman zizkidaten, euretariko baten, gaztaina irina eta horregatik gaurko ogi hau.
Gaur Eibarren, gaztainerre eguna ospatzen da eta hauxe duzue, nire aportazioa.

Osagaiak:
300 gr. ogia egiteko galirin zuria.
125 gr. gaztaina irina.
75 gr. galirin integrala. Oraingo honetan etxean ehotua ;)
300 gr. ura.
200 gr. ama ore zuria (%100).
10 gr. eztia.
13 gr. gatza.

Gatza ezik osagai guztiak nahastu, estali eta ordu erdiko autolisia egiten utzi. Ondoren, gatza gehitu, nahastu eta olioztatutako mahai gainera atera. Era tradizionalean oratu eta olioztatutako bol batean sartu. Hartzidura tenperaturaren arabera emango diogu. Kasu honetan (20-22º), hiru ordukoa eman nion, ordubetero tolesdura bat emanez.
Azkenengo tolesdura ondoren, boleatu eta 10 minutu inguru erlaxatzen utzi. Ondoren formatu, bannetoian sartu eta estali. Normalean dena jarraian egiten dut, oraingo honetan, Barakako lagun batzuen bisita izan nuen eta horregatik hozkailuan gorde eta kalera atera nintzen.
Joan zirenean, handik atera eta nahiko igota ikusi nuenez, labea martxan jarri nuen. 250ºtara ailegatu zenean, orea bannetoitik atera, taxuak eman, labera sartu, eta jarraian, lurruna sortzeko beheko partean nuen ontzi batera ura irakiten bota nion. Hamabost minutura, ura atera eta tenperatura 200º jaitsi nuen. Hamabost minutu beranduago 180ºtara jaitsi eta beste hamabost minututan egina zegoen.

Hau da gaztaina irina erabiltzen dudan lehenengo aldia, paketea zabaldu nuenean eta handik ateratzen zen usaina kontutan hartuta ez nion gehiagorik bota. Orain, ogia frogatu ondoren, gehiago onartuko lukeela esan dezaket.

Mila esker Idu eta Xabi.

Muxu bat.

2010/09/23

Jorasán and coriander bread.

Izenburua ingelesez eta hori? pentsatuko duzue. Ez pentsa bapatean ikasi dudala, e? nahiko nuke bainaa .... "translate is magic". Ez nekien nola esan eta horrela egitea bururatu zait. Asteartean ingelesa ikasten hasi nintzen, eta horregatik izenburua hizkuntza hortan, ea zer moduz dihoakidan, uff!!! Oihana, laster (noiz izango ote da) iruzkinak ingelesez jarriko dizkizut ;)
Domekan lagun batzuekin bazkaria neukan eta ogi berri bat egitea pentsatu nuen, gaurko hau hain zuzen ere. Jorasán irina erabilita neukan baina martorria ez, eta ez pentsa nahita jarri niola. Ogia egiten hasi nintzenetik etxea espeziaz beteta daukat, armairua zabaldu eta bolitak ikusi nituenean; hauekin, pentsatu nuen. Ehotu, eta aurrera.

Osagaiak:
  • 250 gr ogia egiteko galirin zuria.
  • 50 gr galirin integrala.
  • 200 gr Jorasán irina.
  • 200 gr ama ore zuria (%100).
  • 302 gr ura.
  • 12 gr gatza.
  • 10 gr martorri hazi ehotuak.

Ogiak ez du misterio haundirik, gehienetan bezala egin nuelako.
Osagai lehorrak katilu baten ipini, likidoak gehitu eta ondo nahastu. Ordu erdiko autolisia egiten utzi, mahai gainera atera eta 10-12 minutuz oratu. Oraingo honetan frantses (bideoa hemen) teknika erabili nuen. Katilura bueltatu eta hiru orduko hartzidura eman nion, ordubetero tolesdura bat eginez. Formatu, bannetoira sartu, eta ordu eta erdiko bigarren hartzidura egiten utzi. Labea 250ºtara berotu, lurruna sortu, oreari taxua eman eta labean sartu. Hamar minutu pasa ondoren 225ºtara jaitsi, eta ordu laurden beranduago 200ºtara. Berrogei minutu pasa ondoren labea itzali, atea erdi ireki eta horrela beste bost minutu inguru laga nuen.

Ogia gustatu zitzaidan. Ez nekien, baina martorriak zitriko ikutua dauka. Niretzat, 10 gr. hoiek neurri polita da, baina lagun bati gogor samarra iruditu zitzaion. Gustoak, badakizue.

Argazkian dagoen taxua nola egin nuen:
Lagun batek taxu hoiek nola egiten ditudan galdetu dit, eta ea denok ulertzeko moduan erantzuten diodan.
Hasteko, taxua eman eta horrekin dena egina dagoela pentsatzea, niretzat errua dela esan beharra daukat. Prozesuaren barruan dagoen beste pauso bat da, besterik ez. Ordurarte zerbait gaizki egin ezkero, ogia, nire ustez ez da nahi bezala zabalduko eta edozein tokitik apurtzeko arriskua dago. Hor ikusten den taxua emateko, etxean egindako tresna bat erabili nuen.
Orea bannetoitik azkenengo momentuan atera eta taxua, orearen gainazalarekiko 25-30 graduko inklinazioarekin orearen alde batetik bestera (0,5 - 1 zm.) sakonduz, eman.
Taxua berak ez du beste misteriorik, baina esan bezala, pauso guztiak garrantsi haundia daukate estetikoki zerbait polita lortzea nahi badugu.

Muxu bat.

2010/09/01

Ogia, garagarra eta limoiaz.

Aupa. Gaurko hau ere Lepard-ena da eta liburu hontatik aterata dago (gehienetan bezala, moldatuta). Oparitu zidatenean ez nuen pentsetan halako etekina aterako nionik bainaaa ... pixkanaka pixkanaka badoa bere fruituak ematen. Ingelesez dago eta ez dut ezer ulertzen, baina oporretan loibekin egon nintzen eta euretariko bat errezeta honen itzulpena egin zidan. Eskerrak!!! lan bat gutxiago.
Lepard-ek olioa, parrilan egindako piperrak, olibada, gazta, edozein urdaiazpiko eta letxugarekin sandwich balitz bezala jatea modu egokiena dela dino. Momentuz bera bakarrik jan dugu eta mundiala dago.
Osagaiak:
  • 200 gr garagar irina.
  • 300 gr ogia egiteko galirin zuria.
  • 200 gr ama ore.
  • 250 gr ur.
  • 60 gr ezti.
  • 30 gr limoi zuku.
  • 6 gr limoi-birrindura (2 limoi).
  • 12 gr gatz.
  • Orea hautseztatzeko, gatz lodia (ahaztu egin zitzaidan).
Katilu baten irinak eta gatza nahasi. Beste baten ama orea, ura, limoi zukua eta birrindura eta eztia irabiatu. Osagai likidoa beste bolera bota eta nahastu ore leuna lortu arte. Estali eta hamar minututan egonean laga.
Mahai gaina olioztatu, orea bertara atera eta 4/6 minutu inguru oratu. Garagarrak, zekaleak bezala gluten gutxi duenez, gehiago oratzea ez du merezi, ados? Bola forma eman eta olioztatutako katilu baten sartu 1. hartzidura egin dezan. Etxeko sukaldean 22-23º gradu zeunden eta 3 ordukoa eman nion. Ordu betero tolesdura bat egin nion. Azkenengo tolesdura ondoren, bola forma eman eta 15 minutu inguru egonean laga. Forma eman, bannetoian sartu eta ordu eta erdiko hartzidura eman nion.
Labea, 210º-tara berotzen ipini. Behealdean metalezko ontzia jarriko dugu, bertara ura bota eta lurruna sortzeko. Tenperatura hartu duenean, bannetoitik orea atera. Orain izango litzake, orea bustitzeko eta gatz lodia botatzeko momentua (neri ahaztu zitzaidana). Labean laga dugun ontzira ura irakiten bota, oreari alde batetik bestera taxua eman eta labera sartu. Lehenengo ordu erdia pasa ondoren tenperatura 190º-tara jaitsi eta beste hamabost minututan egina dago. Parrilla baten hozten laga.
Lepard-ek, limoi zukuak garagarrari zaporea handiagotu eta zekaleak duen garraztasuna ematen diola dino. Ez dakit horrela den edo ez, nik limoi zaporea hartu diot, baina ez oso bizia, e?
Limoizaleak bazarete egin, oso oso goxoa baitago. Ahoan lagatzen duen limoi tokea, sekulakoa!!

Pare bat ohar.
  • Bigarren hartziduraren denbora jartzen dudanean, labea berotzen dagoen tartea ere bertan kontabilizatzen dut.
  • Lurruna sortzeko ura botatzen duzuenean, neurrian botatzen baduzue, ez daukazue ontzia atera beharrik, ados? Atea zabaltzen dugun bakoitzean tenperatura jaitsi egiten zaio, eta ez zaigu batere komeni.
Sarrera hau Nereari (loiba) eskaintzen diot. Mila esker itzulpenagatik.

Muxu bat.