2011/09/26

Ama ore desberdina II (Juan Luis-entzat)

Hemen duzuen ogia, honen berdina da.
Taxua desberdina, artaziekin eginda. Hortik punta zorrotz hoiek.
Eta orduan? pentsatuko duzue.
Ba, gauza bat bai duela desberdina, garrantzi haundikoa gainera esango nuke.

Hasteko, aurrekoan bezala, pasa zen ostegunean ama ore desberdina (aurre-hartzigarria?) egin nuen. Goizeko 07:00etan prestatu, sukaldeko mahai gainean utzi eta lau ordura hozkailuan sartu nuen.
Eta nun dago desberdintasuna? baaa, denboran.
Ama orea prestatu nuenetik, ogia egin arteee ......... 74 ordu t´erdi pasa zirela. Hiru egun pasatxo eta emaitza hor dago. Nire ustez, oso erosoa eta kriston autonomia eman dezakena, estuasunak amaitu dira ;).
Zuei, zer iruditzen zaizue?

Atzo, sarrera hau prestatzen nengoela albiste txar bat jaso genuen. Deportiboko lagun bat, mendi istripu baten ondorioz hil zitzaigun.

Sarrera hau, hiri dedikatua Juan Luis.
Animo!!! Mertxe, Ziortza, Ehari, ....

Muxu bana.


2011/07/22

Ama ore desberdina.

Ogiaren munduan hasi nintzenetik bisita dexente egin ditut. Errotak ikustera, okindegiak, proiektuak eta abar. Okin askori ama orea erabiltzen dutela entzun izan diet, baina beti, zalantzak izan ditut. Gabon garaian okindegi hoietariko bat bisitatzera joan ginan, bertan, oso garbi ikusi nuen eurek (gehienak) erabiltzen duten ama orea nolakoa den eta orduan probatzeko gogoa sartu zitzaidan.

Gaurko ogia sistema horrekin egindakoa da. Ez da lehenengo aldiz legamia erabiltzen dudala. Behin, ogi bat egin nuen eta Elgetan emandako ikastarorako froga batzuk ere. Ordutik erabili barik neukan lagatzen duen zaporea ez zaidalako gustatzen, eta hori, kantitate gutxi erabilita. Bainaaaa, gabonetatik (bisita ondoren) nire buruan zerbait amaitu barik izango banu bezala somatzen nuen. Pasa zen astian, froga bat egiteko legami freskoa erosi nuen eta hemen emaitza.

Osagaiak guztira:

  • "Los Pisones" irin txuri ekologikoa, 345 gr.
  • Semola irina, 255 gr.
  • Ura, 400 gr.
  • Gatza, 13 gr.
  • Legami freskoa, 2 gr.

Prozesuak ordu batzuk (dexente) behar ditu. Nik horrela egin nuen.

Bezperan bol baten, irin txuritik 200 gr. jarri nituen, ura beste hain beste, eta legamia. Nahastu, estali, eta 25-26ºtan bost ordu laga nuen bikoiztu arte. Ondoren, hozkailuan sartu eta hamabi ordu izan nuen. Ordu hoiek pasatu ondoren, hozkailutik atera, eta ordu eta erdi inguru giro-tenperaturan euki nuen.

Beste bol baten geratzen zitzaidana nahastu nuen, hau da, irin txuria 145 gr., semola irina 255 gr., ura 200 gr. eta gatza. Nahasketa horri, bezperan egindakoa gehitu nion. Mahai gainera atera eta 10 minutu inguru oratu nuen, beti atsedenaldiak emanez. Olioztatutako bol baten sartu eta 2 orduko hartzidura eman nion, atera, tolesdura antzeko bi edo hiru eman ondoren formatu eta banetoira sartu nuen. Beste ordubete eta erdiko hartzidura egin ondoren, aurrez berotutako (260º) labean sartu eta 50 minututan eginda zegoen. Lehenengo ordu laurdena 250-225º artean eta amaitu arte 225-190ºtara.

Emaitza, legamiarekin zuzenean egindakoa baino askoz gehiago gustatu zait, bainaaaa duda barik, nire ama oreaz egindako ogiekin geratzen naiz. Zalantza barik sistema hau gehiagotan erabili dut, kriston *indarra duelako. Gehien bat ogi goxoak, roskoiak eta halakoak egiteko.
*Begiratu Karapaixoak daraman legami kantitatea eta gaurkoak daramana, alde txiki bat badago ez?

Oharra.- Hozkailutik atera nuenean susto txiki bat izan nuen, zentimetro eta erdi jaitsita zegoen eta zalantzak izan nituen. Joe, igual denbora larregi izan dut pentsatu nuen, baina behin hasita, aurrera ez? eta hor dago emaitza, beraz, lasai egon.

Muxu bat.

2011/07/19

Kukutza

Normalean eskaintzak sarreraren bukaeran jartzen ditut baina gaurkoa hasieratik doa.
Sarritan, gauza batzuk entzuten ditugu baina hor geratzen dira, gure barnean baina hor, erdi ahaztuta. Gaurko kasua ere hor zegoen, nonbait aparkatuta, ahaztuta, baina gaur zortzi korreo bat heldu zitzaidan. Bertan, bideo baten lotura zetorkidan, zabaldu eta 10:15 minutuak pasatu ondoren zeharo hunkituta nengoen.
Ez naiz gaztetxeetan asko dabilen pertsona bat, baina bai euren gauza gehienekin bat datorren pertsona. Esan bezala Kukutza izena aspaldi entzunda nuen baina hor ahaztuta ere, eta ez nekien zertan zenbiltzaten.
Eta zuek, ba al dakizue zein gauza egiten dituzten?
Ez dakizuela? ba ikusi hau. Eta hemen, Kukutza Gaztetxearen proiektuen berri.
Atzo ogia labekatzen nengoela, berriz ere, Kukutza etorri zitzaidan burura. Ogia labe barruan nola hasten zela ikusi nuenean zera pentsatu nuen, nire ogiek euren proiektuak bezala, pixkanaka pixkanaka, goruntz doazela.
Eta hori da lurrera botatzea nahi dutena?
Osagaiak:
  • "Los Pisones" galirin txuri ekologikoa, 425 gr.
  • "Rincon del Segura" zekale integrala ekologikoa, 75 gr.
  • Zekalezko ama orea (%166ko hidratazioa), 200 gr.
  • Ura, 255 gr.
  • Gatza, 12 gr.
  • Estia, 14 gr.
  • Mahaspasak, 100 gr.
  • Intxaurrak, 100 gr.
Mahaspasak eta intxaurrak ezik beste osagai guztiak nahastu. Ordu erdi laga egonean. 6-8 minutu jarraian oratu nuen eta ondoren fruitu lehorrak sartu nizkion. Lehenengo hartzidura hiru ordukoa eman nion, bi tolesdura barne. Boleatu, 10 minutu inguru erlaxatzen laga, formatu, bi orduko bigarren hartzidura eta labekatu. Lehenengo ordu laurdena 250-225ºtara, eta beste 35 minutu inguru 200-180ºtara.
Gaur, mokadu bat eman diot eta asko gustatu zait. Oso goxoa!!! euren bideoa eta proiektuak bezalaxe. Egiten duten garagardoarekin, barazki jantokian jateko, primerakoa.

Muxu bat eta mila esker, Kukutza.

2011/06/23

Eibarko (okin?) kuadrila batek egindakoak.

Martitzenean, ekainak 21ean, arratsaldeko 15:00etan, Eibarko zortzi okin? elkartu ginan ogia egiteko asmoarekin. Gehienentzat ogiarekin lehenengo kontaktoa izan zen, baina ez zitzaien hain gaizki joan, ezta? Hiru argazki falta zaizkigu, baina nire ustez hoiek ez ditugu inoiz jasoko, honezkero ogia janda egongo delako.
Hor, emaitzak.




Zer iruditzen zaizkizue?
Hurrengoa, irailean. Eta baliteke beste norbaiten beharra/laguntza izatea ;)
Kontaukotzuet.

2011/06/08

Zahiarentzat irtenbide bat.

Zerealak etxean ehotzen ditudanetik, zahi dexente pilatzen ari zait eta irtenbide bat bilatu behar nion.
Eta zein da irtenbide hori? Ba argazkian ikusten dena, ogi kirrikatsua.
Suedian oso tipikoa omen da eta Knäckebrod du izena.
Ez nekien nola egin eta interneten buelta batzuk eman ondoren pot-pourri bat egitea erabaki nuen, oinarri bezala hau erabiliz eta kanpo aldetik ikusten duzuen txuri hori zahia da.
Osagaiak:
  • 100 gr. galirin integrala.
  • 100 gr. zekale integrala.
  • 100 gr. zekale txuria.
  • 100 gr. ama ore integrala.
  • 150 gr. ur.
  • 6 gr. gatz.
  • 5 gr. txarpoil (alcaravea)
  • Zahia
Katilu baten osagai guztiak nahastu, mahai gainera atera eta oratu (gutxi) ore leun bat lortu arte.
Olioztatutako katilu baten sartu, estali eta ordu bete inguru laga. Ondoren, labea (250º) martxan jarri. Mahai gainera zahia bota, orea atera eta arrabol batekin zabaldu 2-3 milimetroko lodiera lortu arte. Guztiz zabalik duzuenean, gainetik ere zahia bota, arrabolarekin pasatu, mozketak eman eta sardexka batekin zulotxoak egin. Labean sartu nituenean tenperatura 250ºkoa zan, baina hortik aurrera ezin dizuet esan termometroarekin istripu bat izan nuelako.
Interneten, 6-8 minutu edukitzeko jartzen zuen baina bigunak zeunden eta horregatik denbora luzatzen joan nintzan tente samar zeundela ikusi arte. Azkenean hogei minutu inguru egon ziren.

Ez dakit nolakoak izan behar diren, ideiarik ere ez, baina gustatu zaizkit. Batzuk, lanera eraman nituen eta han ere asko gustatu zitzaizkien. Besteak, Castelló-ra eramateko ziran baina azkenengo momentuan ezusteko larri bat izan dugu eta ezin izan ditugu eraman. Geratzen zirenak gurekin joateko zan batek eraman ditu, ea horrek zer esaten digun.

Muxu bat.

2011/06/06

bigarrena ...


Amaiaren bigarrena.
Osagaien neurriak, okinaren portzentaia aplikatuz. Kiloko orea.
Frantses teknika erabiliz oratua. Hiru tolesdura (bideoa). Lehenengo hartzidura (21º), hiru ordukoa. Bigarren hartzidura (7 ordu inguru) hozkailuan egin zuen. Labekatu; hasierako minutuak (25 inguru) 270-225ºtara gutxi gorabehera. Azkenengo minutuak (15 inguru) 225-185ºtara gutxi gorabehera.
Hitz batez, ogi tailerretan bezala eginikoa, berdin berdin.
Osagaiak:
  • 256 gr. irin txuri ekologikoa (Los Pisones).
  • 250 gr. irin txuri ekologikoa (Rincon del Segura).
  • 214 gr. ama ore txuria (%100)
  • 280 gr. ur.
  • 13 gr. gatz.

Frantses teknikarekin, hasiera baten, zailtazunak izan zituen. Bueno, zailtazunak baino gehiago prisa larregi. Atsedenaldietan, aholko batzuk eman, eta azkenean nahiko ondo menperatu zuen.
Beste pausu guztiak nahiko errez egin zituen, forma eman barne.

Igandean egin, astelehenean dastatu eta mundiala dago. Azido puntu goxoa du, oso goxoa.

Muxu bat.

2011/05/15

Amaiaren lehenengoa ...

Oharra.- Orain bai. Behealdean, mamiaren argazkia duzue.

Amaiak (neskalaguna) ogiarekin hasi nintzenetik gauza askotan lagundu nau.
Sarritan telefonoa hartu eta:
  • Amaia, mahai gainean dagoen ama orea elikatu mesedez. Ura bota, nahastu. Irina bota ... eta blablabla.
  • Amaia, hozkailuan dagoen orea atera, labea martxan ipini eta hainbat gradutara heltzen denean orea sartu. Egon egon, baina lehenago taxua eman mesedez. Horrela ematen zaio ... eta blablabla.
Ez dut gogoratzen ondo, baina duela egun batzuk ogi bat egin behar zuela komentatu genuen.
Moldeko ogia bukatzen zegoela eta hasteko, moldekoa ez zala txarra izango esan nion.
Atzo, larunbata, arratsaldeko 15:00etan zekalezko ama orea martxan (20º) jarri nuen. Konpromiso batera joan, kalean afaldu eta gaueko 00:30 inguruan etxean sartu, elikatu eta berriro ere martxan (25º). Gaur goizeko 8:45etan ogiaren prozesuarekin hasi dugu.

Osagaiak:
  • 200 gr. irin txuri ekologikoa (Los Pisones).
  • 100 gr. irin integral ekologikoa (Rincon del Segura).
  • 75 gr. zekalezko irin txuria (RdS).
  • 75 gr. jorasan irina.
  • 75 gr. artobeltza.
  • 10 gr. malta irina.
  • 210 gr. zekalezko ama ore integrala.
  • 275 gr. ur.
  • 25 gr. ekilore-olioa.
  • 30 gr. olo malutak.
  • 15 gr. liho haziak.
  • 15 gr. olo haziak.
  • 15 gr. garagar haziak.
  • 5 gr. txarpoil (alcaravea).
  • 13 gr. gatz.
Prozesua, ogi honen antzekoa izan du.
Desberdintasunak:
  • Lehenengo hartzidura bi ordukoa izan beharrean, hirukoa izan du, giro-tenperatura baxuagoa zegoelako.
  • Bigarren hartzidura, zazpi ordukoa, hozkailuan egin du. Orea nahiko hotza zegoenez, labean 200ºtara ia hirurogeita hamar minutukoa izan du.
Oraketa dexente kostatu zaio orea oso itsaskorra zegoelako, baina azkenean olioaren laguntzaz lortu du. Beste pausu guztietan oso ondo moldatu da.

Emaitza polita, ez?
Bueno, ba hor duzue mamiaren argazkia. Gaur goizean egin diogu lehenengo mozketa eta suposatzen nuen moduan mamia ere primeran dago.
Lehenengoa da, eta azkena ez izatea espero dut.
Zorionak, guapetonaaa.

Muxu haundi bat.