Sarrera honetan protagonistak ez dira nik egindako ogiak, ezta neu ere ez.
Egun honen zain nengoen, aspaldi. Egunero ikusten ditudan "enan@" hoiekin nire blog honetan sarrera bat jartzea nahi nuen. San Andres (Eibarko patroia) eguna, azaroaren 30an da baina, Ikastolan bezperetan ospatzen dugu.
Urtero ospatzen den egun haundia da. Umeentzat ondo pasatzeko eguna eta besteontzat ere. Baserritarrez jantzita etortzen dira eta ez daukate klaserik; iuuupiiiiii!!!!
Ikastolara heldu nintzenean, egunsentia, argazkietan ikusten den bezala zegoen. Egun polita zetorrela zirudien eta horrela izan zen.
Argazkiak ikustea besterik ez dago, lana toki pribilegiatu baten egiten dudala jakiteko. Naturaren erdian, Eibartik bi kilometro eta erdira, Arrateko bidean. Alde hortatik behintzat kriston zortea dut, dudarik gabe.

Zer egiten dute umeak eta irakasleak egun horretan?
Hasi, egun batzuk lehenago hasten dira. Badakizue, antolakuntza: barazkiak, opilak, tresna zaharrak eta halakoak ekarri, azoka dotore bat ipintzeko. Bertsoak, abestiak, dantzak eta abar entseiatu, egun horretan dena ondo atera dadin.
Zergatik? ba, gehien maite dituzten pertsonak etortzen direlako. Gurasoak, aittitta-amamak, anai-arrebak, senideak. Dena ondo atera behar da, inpresionatu behar dituztelako.
Nik, lortzen dutela esango nuke.

Ikastola gainezka egoten da, jendea barra-barra. Edonon topatu ditzakezu, pasiloetan, geletan, komunetan ... Nik ez dakit zenbat pertsona elkartu gaitezken. 700/800, gehiago? ez dakit...
Hamabiak inguruan azaltzen dira. Hasteko, agurra dantzatzen diete ondoren, mailaz maila batzuk abestiak, beste batzuk bertsoak, eta abar... denak, oso ondo prestatuak. Esan bezala, egun haundia.
Bukatu ondoren umeak bazkaltzera jaisten dira eta bisitariak tripa zorriak isilaraztera zerbait janez.
Eta zerbait horren barruan, zer gauza daude? Ba, beste gauza batzuen artean, TALOAK.
Zer pentsatzen zenuten ba? Hamabiak arte ez dutela ezer egiten ala? Oso langileak dira, jeje.
4., 5. eta 6. mailakoek, irakasle batzuen laguntzaz, prestatzen dituzte. Batzuk, kriston talo dotoreak, beste batzuk ez hainbeste baina, denak goxoak, ze demontre!!! 500 bat talo edo gehiago, badaukate meritua....!! ez zaudete ados nirekin?. Bien bitartean txikiek, marrazkiak eta halakoak egiten dituzte gela txukuntzeko eta bisitariei erakusteko. Eurek ere oso langileak direlako.

Taloak egiteko osagai hauek erabili zituzten:
Artoirina
Galirin apur bat (hau tranpa pixkat bada, baina beeno...)
Ur beroa
Gatza
Ez ditut kopuruak jarri ez nituelako pisatu.
Sukaldean txorizoa egosten zuten bitartean umeak, irakasleen laguntzarekin orea egiten hasi ziren.
Irina mahai gainera bota eta sumendi bat egin, gatza eta ura gehitu. Atzamarrekin nahastu. Oratu, orea leuna egon arte. Estali (ez da beharrezkoa) momentutxo baten. Oretik, zatiak hartu, forma zilindrikoa eta zapal zapala eman. Ondo berotuta dagoenean zartaginera bota eta eginda daudenean atera. Txorizoa ipini eta ñam ñam.
Hori egin nuen nik, ñamñamñam. Redio!! Ze, goxoa!!!!

Arratsaldean, herri kirolak eta jolasak. Ondo, ezta? Ez didazue esango ez dela egun haundia, e?
Zeeer?, zuek egun haundiagoa prestatzeko gai zaretela? Ez dut uste.
Sarrera hau egun horretan parte hartu zuten guztiei eskaintzen diet.
Muxu bana denontzat.