2010/07/26

Kanela eta mahaspasa ogia.

Gaurko hau, Dan Lepard-en errezeta baten moldaketa duzue.
Berak, legami freskoa erabili zuen, nik orde, ama orearekin egin dut. Ur kopurua ere haundiagoa erabili dut baina beste osagai guztiak errespetatu egin ditut.
Mahaspasa kopurua beharbada haundiegia irudituko zaizue baina berak dioen bezala, mahaspasena bada mahaspasak eduki beharko ditu, ez? ;)
Osagaiak:
Ogia egiteko galirin zuria, 300gr.
Zekale integrala, 75gr.
Galirin integrala, 25gr.
Zekale ama orea, 200gr.
Ura, 200gr., 20º-tara
Oliba olioa, 50gr.
Eztia, 24gr.
Gatza, 8gr.
Kanela, 2gr.
Mahaspasak, 200gr.

Bol baten, irinak, kanela eta gatza nahasi. Beste baten, ama orea, ura, olioa, eztia eta mahaspasak nahastu eta osagai lehorren bolera bota. Eskuak erabiliz osagai guztiak ondo integratu eta laga hamar minutu estalita.
Mahai gaina olioztatu, orea bertara atera eta nahi duzuen teknika erabiliz bost-hamar minutu inguru oratu.
Olioztatutako bol baten sartu eta ordu eta erdiko hartzidura egiten laga.
Ondoren, boletik atera, oratu txiki bat egin, boleatu eta errosko forma eman.
Forma emateko, bi atzamarrekin goitik behera zulo bat egin eta zabaltzen joan.
Bigarren hartzidura eman, oraingoan bi ordu eta erdikoa edo tamaina bikoiztu arte.
Labea, 210º-tara berotzen ipini. Oreari, buelta osoan taxua eman, urarekin zipriztindu eta laberatu labaren erdian. 50 minutu inguruan eginda dago. Parrila baten gainean hozten laga. Hemen taxua eta mamiaren detaileak.

Ogia, itzela zegoen. Bi zati izoztuta neuzkan pare bat laguni pasatzeko, eta larunbatean eman nizkien.
Euren iritziak: ke te-ka-gas (literala) eta txapeau. Guztiz ados nago, noski!!!

Muxu bat.

2010/07/22

Zekale (%100) ogi mingotsa.

Aspaldi nahi nuen zekalearekin ogi bat egitea, nahastu barik, guztiz zekalezkoa, eta gaurkoa Dan Lepard-en "the art of handmade bread" liburutik atera dut. Bertan, Eskandinavian okin baloratua den Jan Hedh-ek zekalea nola manipulatu erakutsi ziola dino.
Ia irakiten dagoen ura irin pixkatekin nahasturik, zekaleari, malgutasuna ematen diola eta uraren tenperaturaren arabera emaitza desberdinak lortuko ditugula esaten digu. Nahasketa horri, gelatina deitzen dio.

Gelatina egiteko osagaiak:
Ura 90ºC-tara 240gr.
Zekale irina 60gr. -kasu honetan, erdi integrala-

Orea egiteko osagaiak:
Zekale ama orea 200gr., 21ºC-tara.
Ura 50gr., 19ºC-tara.
Gelatina 300gr.
Iragazitako zekale irin fina 300gr. -kasu honetan 200gr. integralak eta 100gr. zuriak-
Gatza 6gr.

Gelatina egiteko. Irina bol batera atera, ura irakiten jarri eta 90ºC hartzen dituenean irinarekin nahastu. Ondo irabiatu. Nahasketa pikortsua ez izatea lortu behar dugu, ados? Bol-a estali. Giro-tenperaturan ordu bete eta hogeitalau ordu artean utziko dugu, horrela, zekalea gelatinizatzea lortuko dugu eta horrek mamiari nolabaiteko malgutasuna emango dio.
Honekin batera zekale ama orea berpizten hasiko gara.
Dakizuenez, nik, ama orea hiru bider elikatzen dut. Berpiztu orduko 18 ordu pasatu ziren, bai?
Ba, gelatina ere, denbora bera egon zen estalita, ados?

Orea egiteko. Bol baten irina eta gatza nahastu. Beste baten, ura eta ama orea jarri eta ondo irabiatu.
Gelatina dagoen bol-etik bi koilarakada gorde, gero, ogiari gainetik emateko.
Ura eta ama orearekin egindako nahasketa gelatina dagoen bol-era bota, ondo nahastu eta irina eta gatza dauden bol-era pasatu. Ondo nahasi.
Mahai gaina olioztatu, orea bertara atera eta gozo gozo oratu. Boleatu eta laga.
Bannetoi bat irineztatu, oreari forma eman eta bertara sartu. 5 orduko hartzidura hartzen lagako dugu edo, ia bikoiztu arte.
Labea 210ºC-tara berotzen ipini. Orea, landare-paperakin estalita dagoen erretilu batera atera eta gelatinarekin margotu. Urarekin zipriztindu, labean sartu eta bost minutu pasa ondoren, berriz zipriztindu. 50 minututan egina dago.
Parrila baten gainean, laga hozten.
Hotzitu ondoren, landare paperarekin estali eta 24 ordutan laga horrela.
Uff!!! Hau urduritasuna, eta hortik zer aterako da?
Paketea zabaldu etaaa ... tatxannnnnnnn!!!
Hemen duzue atera zena.
Pisu dexente zeukan eta mozten hasi nuenean totxoa zela iruditu zitzaidan, bainaaaa keeeba, malgua da!!, eta kontutan izanda duen irin guztia zekalea dela, oso malgua dela esango nuke.
Goxoa redio!!! Zekalea gustokoa baduzue egin, ez zarete damutuko eta.
Kalera irten, lagunekin elkartu eta 30 minututan janda zegoen. Ahoan lagatzen duen zaporea, ez dauka izenik .... sinestezina!!!
Oharra.- Ogi hau, laister, errepikatzeko asmoa dut neurri batzuk aldatuz. Esango dizuet.

On egin!!!
Muxu bat



2010/07/05

Atal berriak

Urte bete pasa berri da bloga sortu nuenetik eta azkenengo sei hilabetetan (irinaketaurunak sortu genuenetik) erdi abandonatuta eduki ondoren eta buruari hainbat buelta eman ostean, bultzakada berri bat ematea pentsatu dut.

Lagun batzuei esker informatika munduan dexente aurreratu dudala uste dut, eta pare bat atal berri jartzea bururatu zait. Izenburuaren azpian azaltzen diren bi hoiek hain zuzen ere: Errezeta Aurkibidea eta Laguntzeko Asmoz.
Lehenengoa, eta bere izenak dioen moduan, errezetetara iristeko modu erosoagoa iruditzen zaidalako.
Bigarrena, hasiberri eta nire blogarekin topo egiten dutenentzat pentsatuta dago.
Duela 20 hilabete hasi nintzen ogia egiten eta atal honetan denbora horretan ikasitako guztia jartzeko asmoa dut.

Gaurtik hasita, eta astiaren arabera, pixkanaka pixkanaka gauzak sartzen joango naiz, idatziak, bideoak, etabar ....
Zuen gustukoa eta zuentzat baliogarria izatea espero dut; besterik ez.

Muxu bana.