2009/11/28

Egun haundi bat.

Sarrera honetan protagonistak ez dira nik egindako ogiak, ezta neu ere ez.
Egun honen zain nengoen, aspaldi. Egunero ikusten ditudan "enan@" hoiekin nire blog honetan sarrera bat jartzea nahi nuen. San Andres (Eibarko patroia) eguna, azaroaren 30an da baina, Ikastolan bezperetan ospatzen dugu.
Urtero ospatzen den egun haundia da. Umeentzat ondo pasatzeko eguna eta besteontzat ere. Baserritarrez jantzita etortzen dira eta ez daukate klaserik; iuuupiiiiii!!!!
Ikastolara heldu nintzenean, egunsentia, argazkietan ikusten den bezala zegoen. Egun polita zetorrela zirudien eta horrela izan zen.
Argazkiak ikustea besterik ez dago, lana toki pribilegiatu baten egiten dudala jakiteko. Naturaren erdian, Eibartik bi kilometro eta erdira, Arrateko bidean. Alde hortatik behintzat kriston zortea dut, dudarik gabe.


Zer egiten dute umeak eta irakasleak egun horretan?
Hasi, egun batzuk lehenago hasten dira. Badakizue, antolakuntza: barazkiak, opilak, tresna zaharrak eta halakoak ekarri, azoka dotore bat ipintzeko. Bertsoak, abestiak, dantzak eta abar entseiatu, egun horretan dena ondo atera dadin.
Zergatik? ba, gehien maite dituzten pertsonak etortzen direlako. Gurasoak, aittitta-amamak, anai-arrebak, senideak. Dena ondo atera behar da, inpresionatu behar dituztelako.
Nik, lortzen dutela esango nuke.


Ikastola gainezka egoten da, jendea barra-barra. Edonon topatu ditzakezu, pasiloetan, geletan, komunetan ... Nik ez dakit zenbat pertsona elkartu gaitezken. 700/800, gehiago? ez dakit...
Hamabiak inguruan azaltzen dira. Hasteko, agurra dantzatzen diete ondoren, mailaz maila batzuk abestiak, beste batzuk bertsoak, eta abar... denak, oso ondo prestatuak. Esan bezala, egun haundia.
Bukatu ondoren umeak bazkaltzera jaisten dira eta bisitariak tripa zorriak isilaraztera zerbait janez.
Eta zerbait horren barruan, zer gauza daude? Ba, beste gauza batzuen artean, TALOAK.
Zer pentsatzen zenuten ba? Hamabiak arte ez dutela ezer egiten ala? Oso langileak dira, jeje.
4., 5. eta 6. mailakoek, irakasle batzuen laguntzaz, prestatzen dituzte. Batzuk, kriston talo dotoreak, beste batzuk ez hainbeste baina, denak goxoak, ze demontre!!! 500 bat talo edo gehiago, badaukate meritua....!! ez zaudete ados nirekin?. Bien bitartean txikiek, marrazkiak eta halakoak egiten dituzte gela txukuntzeko eta bisitariei erakusteko. Eurek ere oso langileak direlako.


Taloak egiteko osagai hauek erabili zituzten:
Artoirina
Galirin apur bat (hau tranpa pixkat bada, baina beeno...)
Ur beroa
Gatza

Ez ditut kopuruak jarri ez nituelako pisatu.
Sukaldean txorizoa egosten zuten bitartean umeak, irakasleen laguntzarekin orea egiten hasi ziren.
Irina mahai gainera bota eta sumendi bat egin, gatza eta ura gehitu. Atzamarrekin nahastu. Oratu, orea leuna egon arte. Estali (ez da beharrezkoa) momentutxo baten. Oretik, zatiak hartu, forma zilindrikoa eta zapal zapala eman. Ondo berotuta dagoenean zartaginera bota eta eginda daudenean atera. Txorizoa ipini eta ñam ñam.
Hori egin nuen nik, ñamñamñam. Redio!! Ze, goxoa!!!!


Arratsaldean, herri kirolak eta jolasak. Ondo, ezta? Ez didazue esango ez dela egun haundia, e?
Zeeer?, zuek egun haundiagoa prestatzeko gai zaretela? Ez dut uste.

Sarrera hau egun horretan parte hartu zuten guztiei eskaintzen diet.
Muxu bana denontzat.

2009/11/24

Urte askooootarako

eta nik bertan ikusteko.
Hilaren 17an, Amaiaren urtebetetzea izan zen eta ospatu beharra zegoen. Igandean koinatuak eta loibak etorri ziren. Koinatuak etortzen direnean, ogia egin behar diet, loibei berriz, postrea. Ogia, edozein izan daiteke, postrea ez. Postrea, eurek esandakoa. Oraingo honetan, gazta tarta eta donutsak.
Ostiralean, espelta irinarekin, hiru ogi egin nizkien. Hemen, euretariko bat.
Errezeta hemen daukazue eta hemen hobetuta.
Igandean, donutsak eta gazta tarta.
Bainaaa, onena ezustekoak izaten dira eta nik larunbatean egindako bat, gordeta neukan.
Zein? Hau.
Eta, hori zer da? Ba, hau Dan Leppard-en Lard Cake da. Hik ez dakik ingelesa barren, esango duzue batzuk eta halaxe da. Baina, lagun onak bai. Kasu honetan, laguna dudan Tebak, errezetaren fotokopia bidali zidan. Sarean dauden lau itzultzaile zabaldu eta itzuli egin nuen. Nola, suposatzen duzue ezta? Itzulpena berari bidali nion eta zuzenketa batzuk ondoren, berriz nere eskuetan neukan.

Osagaiak:
Galirin zuria 500gr.
Ama orea 200gr.
Ura 250gr. 20 gradutara.
Gatza 13gr.
2 koilaratxo eta erdi legami freskoa, birrinduta. (10gr.)
Txerri gantza 150gr.
Azukre-hauts 150gr.
Intxaur muskatu arraspatua
2 koilara azukre-hauts hautseztatzeko.

Bol baten, irina eta gatza nahastu. Beste baten, ama orea, ura eta legami freskoa irabiatu. Likidoa, beste bol-era bota eta nahastu ore leuna eta likina eduki arte. Estali eta hamar minutu laga egonean. Lan-gainazala olioztatu eta hamar segunduz oratu, bola forma eman, olioztatutako bol baten sartu, estali eta hamar minutu laga egonean. Orea atera eta operazio berbera egin, baina oraingoan atsedena ordu betekoa izango da, 21-25 gradutan. Oratzeko, Leppard-en oraketa laburrak erabili nituen.
Lan-gainazala irineztatu, orea luzatuz laukizuzen forma eman, 1,2 zentimetroko lodiera eduki arte. Gantza, xerra finetan moztu eta orearen bi herenetan zabaldu. Azukre-hautsa hautseztatu. Gero, beste herenarekin gantza eta azukrea duen erdia tapatu, eta beheko erdia goruntz tolestu (gutuna balitz bezala). Ore barruan, gantza eta azukre guztiz tapatuta geratu behar dira. Orea alde bietatik irineztatuta egon behar da, luzatu, berriz laukizuzena izan arte. Orea, hirutan tolestu berriz ere, estali eta toki fresku baten laga. Niri, hori ahaztu zitzaidan.
Orea, lan-gainazalean luzatu zentimetroko lodiera izan arte. Hegal batetik hasita, biribilduz, zilindro estu bat egin, estali eta 1o minutu laga.
Desmuntatzen den molde baten oinarria, landare-paperarekin forratu. Zorrotza dagoen zerbaitekin, zilindroari alde batetik bestera taxua eman. Orduan, mozketa goruntz begira jarriz oreari, molde oinarrian kiribil forma eman. Moldeari, landare-paperarekin forratuta hegalekoa ipini, estali eta ordu bete edo ia bikoiztu arte laga.
Labea, 200 gradutara aurretik berotu. Intxaur muskatua bota eta azukre-hautsa hautseztatu. Labearen erdian 20 minutuz labekatu ondoren tenperatura 175 gradutara jaitsi, eta beste berrogei minutu inguru eduki edo azalak marroi ilun kolorea izan arte, iaia erreta egongo balitz bezala. Parrilara pasatu baino lehenago, ordu laurden bat moldean bertan, hozten laga.
On egin.
Besarkada bat denontzat.
Sarrera hau, Amaiari eskaintzen diot. Muaka, muaka.
Tebari, mila esker merezi dituelako. Muxu bet politte.

2009/11/08

Pain à l´ancienne (nire bertsioa).

Ogi honi kriston gogoa nion. Aspalditik, gainera.
Topatu ditudan errezeta guztietan erositako legamiarekin eginda azaltzen da. Nire asmoa, erositako legamia ahal dudan eta gutxien erabiltzea da. Ez naiz horren kontrakoa, nahi duenak erabiltzea dauka baina, nik ahal badut behintzat, ez dut erabiliko. Froga bat egin nuen eta ondo atera zitzaidan edo, hori uste dut.
Lan gutxi duen ogia da, berezitasun batzuk ditu. Adibidez, ura 4º. egon behar duela, hidratazio haundikoa dela. Ogi honen kasuan %80, etab.

Osagaiak:
Galirin zuria 250 gr.
Etxean egindako legamia 100 gr. (hau da berpiztuta neukana)
Ura 190 gr.
Gatza 7 gr.
Azukrea 3 gr.

Irina, gatza eta azukrea nahastu. Ura eta legamia gehitu. Oratu. Esaten dute ez dagoela oratu beharrik baina. nik egin nuen. Oso likidoa zegoen beraz, bolean bertan oratu nuen. Argazkian ikusi dezakezuenez, goruntz ateratzen da (pixkat lartxo dago zuek ondo irudikatzeko). Ia ondo azaltzen dudan zuek ulertzeko. Eskua ondo buztita, albo batetik, bolean sartu. Orea heldu, igo eta erlojuaren orratzen norabidean jiratu, bol-a beste eskuarekin alderantziz biratzen den bitartean. Horrela, oretik pikor guztiak desagertu arte. Bol bat olioz igurtzi eta sartu. Hozkailuan gorde.
Hurrengo egunean atera eta (nire kasuan) zortzi ordu giro-tenperaturan laga nuen, ia ia bikoiztu arte.
Ez dakit ondo ikusten den baina, hozkailutik atera nuenean bol-ari marra bat egin nion. Hamar ordu ondoren horrela zegoen.

Eta hemendik aurrera "salvese quien pueda". Maneiatzea oso zaila da, niretzat bai, behintzat.
Labea, aurretik berotu (250º). Erretilu neurrira, landare papera moztu eta irin dexente bota. Ondo bustitako espatula batekin, bol-etik paperera atera baina, kontuz!! Ahal den eta gutxien gasgabetu behar da. Gainetik ere irina bota. Ahal den forma eman eta labera, lurrunarekin. Hamabost minutu pasa ondoren ura atera nion eta beste hamar minututan eginda zegoen.



Orain arte egin dudan ogirik gozoena dela ez dakit esango nukeen baina, hor dabilela bai.
Zaporea? zoragarria!!
Zalantzarik gabe, sarritan egingo dudan ogia da. Ogitartekoak egiteko ezin hobea. Atzo gauean bezala, pare bat arrautz frijitutan txapla txapla egiteko ere, mundiala!! Eta lan gutxi, jeje.
Pd. Hozkailutik atera ondoren ez ziren hamar ordu izan, zortzi baizik.
Muxu bat.

2009/10/26

Jolasean

Hamar hauekin, amaigabea zirudien hilara, bukatzen dut (ziur nago berriz ere egingo dela). Aurreko sarreran jarritako ogi bera da, baina forma desberdinekin. Ea gustatzen zaizkizuen.





Nahiz eta bi sarreren artean 28 argazki egon, ogiak, 36 izan ziren. Lau ogiko, 6 labealdi eta seiko, bi. Zer edo zer desberdina egiteko gogoa neukan eta hor emaitzak. Lan dexente baina, gustora. A!! taxua, soilik, euretariko bi dute.

Muxu bat

2009/10/15

Ogi bat, ..... anitz.

.....= mozketa, ebaki, taxu. Bakoitzak nahi duen izena ipini.
Zuoi, ez zaizue inoiz pasatu istorio baten hasi, gauzak nahiko ondo atera eta bapatean, daztatzaileen hilara kilometrikoa izan? Ez? ba neri bai.
Despentsan muturra sartu, zekale erdi integralaren 5 kiloko zakua ikusi eta jakinda, galirin zuria neukala, hilara hori murriztea bururatu zitzaidan. Aste bete pasatu dut ogia egiten, burutik jota egongo banintz bezala. Denak berdinak, noski. Bestela badakizue "neriak zekale gutxiago zeukan, beste horrenak ... ez dakit zer" betikoa. Oreak, kilokoak egin nituen gero erdibitzeko. Beraz kilo erdiko ogiak, oparitzeko nahikoa ez? Hitz batean, denak berdinak egin nituela osagai hauekin:


Galirin zuria 350 gr.
Zekale erdi integrala 150 gr.
Ura 290 gr.
Legamia 200 gr.
Gatza 15 gr.
Azukrea 8 gr.

Oreak, beti bezala egin nituen. Oraingo honetan, lehenengo hartziduraren ostean erdibitu nituen.
Biribildu, deskantsatzen utzi, forma eman eta bannetonetan sartu. Gaueko hamabiak inguruan, launaka, laberatu. Hamar minutuero, erretiluak aldatzen nituen. Goian zegoena behera pasatuz eta alderantziz. Hau, ahal den eta azkarren. Ez da lan asko baina, erretiluen hotsa eta halako orduetan ba ... Ordutik, etxebarrukoak desberdin begiratzen naute. Zertan nabilen jabetzen badira, hilara amaigabe horretan sartzeko kapaz dituk/n jeje.

Aurreko sarrera baten epa!k, ogia ikusi bezain pronto, ..... gatik, bazekiela nirea zela esaten zidan. Sinadura balitz bezala. Alferkeria zela esan nion eta egia da. Bere iruzkinari esker aste horretan behintzat, alferkeria alde batera laga nuen eta sarrera hau egitea bururatu ere. Irudi batek mila hitz baino gehiago balio badu, pentsaizue zenbat balioko duten 18 irudi, buah!!




Izena nahi duzuena ipini baina, buruari astindu txiki bat emanez gero, "birgeriak" egin daitezke, edo ez? Ogian, ARTEA? Zergatik ez?

Oharra.- Ez dakit konturatu zareten, baina azkena, irribarrea izatea nahi zuen, jeje.
Joer, sudurra Pinotxorena baino haundiagoa atera zitzaidan, gizajoa!!
Bestalde azaltzea, ogiaren inguruan blog berri bat dagoela sarean, panis nostrum, izenarekin. Ez dut izan astirik irakurtzeko baina, lehenengo inpresioa ezin hobea da.

Musu bat denontzat.

2009/10/07

Maitasunaren ogia

Batzuk, beharbada, ogi hau ezagutzen duzue. Mónikak (bons focs) bere bloggean argitaratu zuelako.
Duela hiru aste ta piku, ogi afrodiakoa? izena zuen post bat jarri nuen bloggean. Iruzkinen artean bat, Mònicarena zen. Bertan, Dan Lepard-en ogi bat aipatzen zuen. Susan-ek (Wild Yeast), ogi hau afrodisiakoa dela esaten duela eta maitasunaren ogia deitzen diola.
-Probatu, izugarri gustatuko zaizu eta, jartzen zidan eta esteka bat ere.
-Zergatik ez? pentsatu nuen.
Esteka zabaldu eta... ingeleses zegoen. Mail bat bidali nion eta errezeta erderatu egin zidan. Beraz, ogia, berari esker dihoakizue .

Osagaiak:

Galirin zuria 250 gr.
Galirin integrala 250 gr.
Ardo beltza 250 gr.
Legami naturala 300 gr.
Gatza 7 gr.
Pinaziak 100 gr.
Pikupasak 200 gr.

Bezperan ardoa, pinaziak eta pikupasak esne-ontzi baten irakiten ipini. Minutu bat pasatu ondoren, baztertu eta estalita utzi gau osoan. Oheratzera zoaztenean, irabiatu.

Hurrengo egunean likidoa iragazi eta erreserbatu. Likido horri ura gehitu 260 gr. eduki arte.
Osagai guztiak nahastu, gatza ere. Laga hamar minutu, egonean. Ondoren, mahai gainera irin pixkat bota eta Dan Lepard-en teknika erabiliz, 10-15 segundu oratu. Bol bati olioa igurtzi eta orea, bertan sartu. Ordu erdi pasatu eta gero, beste 10-15 segundu oratu, berriz bol-ean sartu. Ordu erdira etara, 10-15 segundu oratu eta berriz bol-era. Oraingoan ordu betera etara, biribildu eta laga bost minutu estalita.
Obal forma eman eta lautu -ogi zapala da-.
Landare-paperari irin pixkat bota eta orea bertan ipini. Trapu bati irina bota eta orea berarekin estali. Laga ordu eta erdi harrotzen. Labea, aurretik berotzen ipini. Orea, olioz igurtzi eta taxuak eman. Labean sartu 210 gradutara lurrunarekin. Hogei minutu pasatu ondoren ura etara eta laga eginda egon arte. Guztira, 45 minutu inguru.
Hanka sartze txikia izan nuen ardoa neurtzerakoan, 250 gr. bota beharrean 150 gr. bota nizkion beraz, ur gehiago dauka.
Onaaa, redio!! Mònikak arrazoia zeukan, izugarri gustatu zaigu eta. Bera bakarrik jan genuen baina, gazta pixkatekin....buah!! Oraingoan gainera, funtzionatu du. Gustiz maiteminduta nago, jeje. Hemendik aurrera ez dago aitzakirik, maitemin bazaudete, maitaaaasunaren ogia jatea besterik ez dago.
Mónikari eskainita.
Musu bat.

2009/09/29

Pa amb fajol

Izenburua katalanez jarri diot irina bertatik ekarri nuelako, Els Hostalets d´en Bas herritik hain zuzen ere.
Duela urte batzuk Catalunyatik bueltan toki dotore batetik pasatu ginen. Etxera heldu bezain pronto, mapan begiratu eta La Garrotxa zela ikusi genuen. Ordutik, buruan sartuta geneukan baina pasa zen astean bertan egon ginen. Toki berezia da, oso. Magikoa, Mònikak (bonsfocs) esan zigun bezala. Naturak jan egiten zaitu. Berrogei sumenditik gora ditu. Airetik ikusi daitezke, globo aerostatikoetan irteerak antolatzen dituztelako. Haize zakarra zebilenez, ezin izan zuten gustiz pustu beraz, sumendiak lurretik ikusi behar izan genituen. Ederra putadia!! bueltatu beharko gara. Putadia dinot, baina heurentzat, jeje, berriz jasan beharko gaituztelako. Eta bueltatuko gara, seguru.
Erdi aroko herriak daude (Besalú, Sta. Pau,...) Mendi ibilbide errezak eta bizikletan ibiltzeko aukera asko. Ondo jaten da, oso ondo eta hori Euskal Herritarrontzat oso garrantzitsua da, ezta? jeje. Eta janari goxo horren bila, L´Hostalet jatetxera heldu ginen. Sarreran, bertako produkto batzuen erakusketa daukate, heuren artean, fajol haziak eta irina. Ez zutela saltzen eta lortzea oso zaila zela esan ziguten baina, nahi izanez gero, apur bat emango zigutela. Esan eta egin, 250 gr. gurekin etorri ziren. Mila esker.

Osagaiak:
Fajol irina 150 gr.
Galirin zuria 350 gr.
Ura 260 gr.
Legami naturala 200 gr.
Azukrea 6 gr.
Gatza 14 gr.

Orea, beste batzuetan bezala egin nuen. Osagai guztiak nahasi, gatza ezik. Laga ordu erdi egonean, gatza gehitu eta bost minutu inguru oratu. Nahiko itsaskorra da beraz, pazientzia euki. Hiru tolesdura eman, formatu, ordu eta erdi bannetonean eta labean sartu. Lehenengo hogei minutuak, lurrunarekin, 225 gradutara. Ondoren ura etara, 200 gradutara jaitsi eta beste 25 minutu eduki.
Argazkian ikusi daitekenez errautsa dela ematen du, usain arraroa dauka. Eder ederra zegoen. Behin Madridtienemiga-ko batek (Ajonjoli) esan zuen fajolaren zaporeak ez zaituela interes gabe lagatzen eta arrazoi guztia zeukan. Zapore sendoa dauka, oso. Guri asko gustatu zaigu. Mamiak gris-ilun kolorea hartzen du, dotorea!!.

Bon profit. Petons denontzat.
Olaiari eskainita. Milesker eder horri.

2009/09/12

Ogi afrodisiakoa?

Berriz ere, "El aprendiz de panadero" liburuan ikusitako ogi baten moldaketarekin natorkizue. Oraingo honetan kanela, mahaspasak eta intxaurrekin egindako ogia. Esaten dutenez, kanela afrodisiakoa da. Egia izango ote da? -Ez nuen ezer arrarorik sentitu, bezperan sentitu nuen gauza bera, besterik ez jeje-.Horregatik post honen izenburua.
Kasu honetan, ogiari, forma desberdina ematea pentsatu nuen. Maskor itxura, hain zuzen ere.
Osagaiak:
Galirina 500 gr.
Ura 150 gr.
Legami naturala 150 gr.
Esne osoa 85 gr.
Azukrea 20 gr.
Gatza 9 gr.
Kanela 4-5 gr.
Margarina 30 gr.
Arrautza 1
Mahaspasak eta intxaurrak 100 gr. (bien artean)

Irina, azukrea, kanela, mahaspasak eta intxaurrak ontzi batera bota eta nahasi. Arrautza, esnea, margarina, ura eta legami naturala gehitu eta nahastu. Ordu erdi bat laga atsedena hartzen. Ondoren, gatza gehitu eta 10 minutu inguru, oratu. Oso itsaskorra zegoenez, irin pixkat bota behar izan nuen mahai gainera.
Ontzi bat olioz igurtzi, orea bertan sartu eta estalita utzi. Hurrengo hiru ordutan, 3 tolesdura eman. Mahai gainera irin pixkat bota, forma luzea eman eta erditik hasita biribiltzen joan, maskor itxura hartu arte. Laga, 1,5-2 ordu harrotzen. Labean sartu, lehenengo 20 minutuak 250-225 gradutan lurrunarekin. Ura atera eta hurrengo ordu laurdena, 200 gradutan egin. Amaitzeko, azken ordu laurdena 180 gradutara.
Nahi izanez gero, ogia labetik ateratakoan, desegindako margarina pixkatekin pintatu eta, kanela azukrearekin nahastuta gainetik bota. Guk, hori egin genion.

Ogi hau goxoegia izango zela pentsatu nuen baina, ez zen horrela izan. Orokorrean, gozoa da bai, baina jaterakoan sentsazio desberdinak izan nituen. Goiko parteko zati bat jaterakoan gozoa da, baina ez larregi. Beheko partean bat ez. Nire koinatak, ogi-bizkotxoa dela esaten du. Oso gutxi iraundu zuen, hori seinale ona da, ez? On egin.

2009/09/04

Bi koloreko ogia

Duela sei hilabete, "el aprendiz de panadero" liburuan, bi koloretako ogia ikusi nuen eta gauza bitxia iruditu zitzaidan. Irudia buruan sartuta neukan eta uda honetan froga bat egin nuen (nire erara moldatuz). Ez nion nesquik (ez neukan kakaorik) asko bota, kafe koilaratxoa besterik ez. Ogiak, bi kolorekin atera zen, kontraste askorik gabe eta ni neu kontraste handiagoa nahi nuen. Beraz, beste bat egin behar nuen.
Ogi hau egiteko bi ore berdinak egin behar dira, ahal den neurrian behintzat. Zergatik? Ba, bi oreak antzeko harrotu behar direlako. Eibarrera heldu, kakaoa erosi eta ogia egin nuen.
Osagaiak:
Galirin zuria 190 gr.
Zekale zuria 85 gr.
Ura 140 gr.
Legami naturala 100 gr.
Gatza 7 gr.
Izerdi siropea 6 gr.
Bi oreak osagai hauek dituzte, baina bigarrenari: Kakao 30 gr. gehitu nizkion eta ur pixkat (5-10 gr).

Oreak beti bezala landu nituen. Lehenengo hartziduran 3 ordutan, 3 tolesdura egin nizkion baina, forma emateko, bakoitza bi zatitan moztu nuen. Lau zatiei, forma berdina eman nien (laukizuzena). Laurak pilatu nituen. Zuria, iluna, zuria eta azkenik iluna berriz. Bata bestearen gainean, bai? Orearen herena, erdira eraman eta eskuaren ertzarekin zapaldu nuen itsatsiarte. Orearen beste aldea horren gainetik pasatu eta juntura itsatsi. Itsatsita dagoenean biratu pixkat, aurrera eta atzera, nahi dugun forma hartu arte eta bannetonean sartu. Ordu eta erdi harrotzen laga eta aurretik berotutako labean sartu. Eginda dagoenean atera, laga egun batetik bestera, ahal baduzue behintzat jeje, moztu eta tachannnn. Dotore, ezta?
Argazkian, ogiarekin batera azaltzen den tresna, taxuak emateko erabiltzen dudan azmakizuna da.

2009/09/01

Moldeko ogia

Snif, snif!! Oporrak amaitu zaizkit, berriz lanean ari naiz eta kriston negar gura daukat. Ez sinistuuuu, txantxetan nabil eta. Egia esanda, ezin naiz kexatu, hilabete eta erdi eduki baitut, jeje.
Bloga berriz martxan ipintzeko, oporretan egunero gozaldu dugun moldeko ogi batekin hasiko naiz. Ogi hau, lehenengo aldiz egin nuenean, irin apur batzuk aprobetxatzeko egin nuen eta asko gustatu zitzaigun. Ordutik astero egiten dut.

Osagaiak:

Galirin zuria 200 gr.
Galirin integrala 95 gr.
Espelta erdi integrala 95 gr.
Zekale zuria 85 gr.
Ura 275 gr.
Legami naturala 200 gr.
Muesli 75 gr.
Mitxoleta haziak 10 gr.
Txarpoila (alcaravea) 3 gr.
Ekilore olioa 25 gr.
Azukrea 10 gr.
Gatza 13 gr.

Bol batean, osagai lehor guztiak ipini gatza ezik eta ondo nahasi. Ura, olioa eta legami naturala gehitu, nahastu eta ordu erdi inguru laga atsedentzen. Ondoren, gatza gehitu eta 5 minutu inguru oratu. Olio pixkatekin bol bat igurtzi, orea bertan sartu eta trapu batekin estali. Ordu betera lehenengo tolesdura eman, beste ordu bete pasatu eta gero, bigarrena. Ondoren, forma eman eta moldean sartu. Ordu eta erdira labean sartu, 200 gradutara eta 40 minututan eginda dago.


Edozein mermeladarekin gozoa egongo dela uste dut baina guk, etxean tomatearekin eginiko mermeladarekin jaten dugu.
Tomatea, tomatearen pixuaren erdia azukre, limoi baten zukua eta banilla zatitxo bat erditik zabalduta. Mundiala.
Hasteko, nahikoa ez?

2009/07/12

Asteburu, langilea.

Bi aste pasatu ondoren, berriz ere, zuekin nago. Rincon del Segura-ra irina eskatuta neukan eta jaso bezain pronto lanean hasi nintzen. Duela hilabete eta erdi Ibanen blogean ogi hau ikusi nuen eta hamar egun dira Olaiaren blogean beste hau ikusi nuela. Bi post hoiek kontutan izanda eta Euskal Herrian taloa txorizoz betea hain tipikoa denez, ogi hau egitea bururatu zitzaidan.
Osagaiak:
Galirin zuria 300 gr.
Arto irin integrala 200 gr.
Ura 270 gr.
Legami naturala 200 gr.
Gatza 12 gr.

Ore bat egin nuen. Irinak eta azukrea nahastu, ura eta legamia gehitu, dena nahasi, laga ordu erdi atsedena hartzen, gatza bota eta 10 minutuz oratu. Bol batera sartu eta estali. Hurrengo hiru ordutan 3 tolesdura egin nizkion eta hozkailura sartu nuen (berandu zan). Hurrengo egunean atera eta ordu bete laga giro-tenperatura hartu zezan. Ondoren erditik moztu nuen. Bati, forma eman eta bannetonean sartu. Beste erdia hirutan moztu nuen, txorizo zatiak sartu, forma eman eta labeko erretiluan estalita laga. Pare bat ordu pasatu eta gero, labea berotzen ipini, taxuak eman eta laurak bertara sartu nituen. Lehenengo 20 minutuak, lurrunarekin, 225 gradutara eduki nituen, hurrengo 10 minutuak 200 gradutan eta 180 gradutan azkenengo hamarrak.
Hor dituzue laurak.
Hemen barrutik.
Oso onak zeunden, arrakasta haundia eduki zuten. Pentsatzen nuen arto zapore gehiago edukiko zutela baina....ño!! Hurrengoan arto irin gehiago botako diot. Lehenengo aldia zen erabiltzen nuela eta gehiago botatzen ez nintzen ausartu. Oso hareatsua da, ez du ondo batzen, horregatik dauka galirina.

Denbora nuen eta labea beroa zegoenez, behin Olaiaren blogean muffin hauek ikusi eta egitea pentsatu nuen eta horra hor emaitza. Bere blogean azaltzen diren osagai (nik laktosadun esnea erabili nuen) berberekin egin nituen. Joer!! benetan mundialak, Olaia.

Eta labea oraindik beroa jarraitzen zuenez ba, cooki hauek ere, jeje. Beste blog batetik atera nituen baina ez dut gogoratzen izena (barkatu).
Osagaiak:
Galirin zuria 150 gr.
Txokolate iluna 100 gr. (zati txikitan moztuta, txikiak baina ikusteko modukoak)
Azukre-hautsa 80 gr.
Gurina 80 gr.
Legami kimikoa koilaratxokada bat
Arrautz baten gorringoa
Gatz pixka bat
Gorringoa azukrearekin irabiatu nahastea zuritu arte. Gurina, irina, legamia eta gatza gehitu, dena ondo nahastu (solte samar geratzen da) eta amaitzeko txokolatea bota. Ordu bete edo gehiago, hozkailura sartu. Labea, 170 gradutara berotzen ipini. Hozkailutik atera, bolak egin, zapaldu (6 zm. diametroa eta zm. bat lodieran) eta erretiluan jarri paper edo silikona gainean. 15 minutu ingurutan eginda daude. Hauek ere, mundialak!!.
PD.- Cookie hauek, bocadosdulcesysalados.blogspot.com blogetik atera nituen.

2009/06/28

Uda, beroa, hartzidura.

Uda, beroa, hartzidura (fermentazioa). Kontuz!! udan hau... udan beste hori. Beroarekin dena azkarrago doala. Beti istorio berdinak entzuten.
Pasa zen astean Iduk (ogiaren munduan dabilen beste zoro bat) zera galdetu zidan, ia bannetonean orea zenbat denbora edukitzen nuen. Erantzuna eman nion baina kontuz!!, uda, beroa ... eta bide batez, istorio guzti hoiek niretzat ere argitzeko, froga bat egingo nuela esan ere. Froga, hau izango zela: bi ogi osagai berdinekin baina, hartzidura desberdina emanez. Hemen emaitzak.

Osagaiak:
Galirin zuria 325 gr.
Zekale zuria 175 gr.
Ura 260 gr.
Legami naturala 200 gr.
Gatza 12 gr.
Azukrea 6 gr.

Osagai guztiak nahastu, gatza ezik. Ordu erdi pasatu ondoren gatza gehitu eta bost minutu inguru oratu. Bi oreak berdin berdinak egin nituen baina bati (borobila), hurrengo hiru ordutan 3 tolesdura eman nizkion. Besteari (luzea) ordea, 2,5 ordutan bi. Forma eman eta bannetonetan sartu. Bertan, borobilak 2 ordu pasa zituen, luzeak 1,5 ordu. Taxuak eman eta labean sartu, denbora bera eduki nituen, 50 minutu.

Hauek guk (dastatzaileak eta nik) igarritako diferentziak
Harrotu, biak antzeko samar harrotu ziren, beharbada, luzearen mamia harroagoa geratu zen baina biak oso malgotasun haundiarekin. Taxua, luzeari labean gehiago zabaldu zitzaion beraz (nire gustorako), estetikoki politagoa geratu zen. Alde haundiena zaporean igarri genuen, borobila bestea baino askoz garratzagoa zegoen. Iraundu, biak ere antzeko samar, ordu bete? edo gutxiago, jeje.
Ondorioa? Beroa geroz eta haundiagoa izan, nik behintzat, harrotzen denbora gutxiago izango ditut.
Animo, naiz eta kriston beroa egin lortuko dugu eta. Aupa Idu eta Olaia, "txupauta" dago eta.
Musu pila denontzat.

2009/06/21

Istorio txiki bat.

17 urte inguru dira, Eibarko baserritar bati ogia erosten hasi ginela. Ostiralero erosten genion baina, hurrengo ostiralera ailegatzen ez zitzaigunez, ogia okindegietan erostera behartuta geunden eta sarritan egunean bertan gogortu edo txiklea bezala geratzen ziren.
Nola egingo dute baserri horretan ogia? galdetzen nion nire buruari.
Duela hiru urte Aulestiko lagunek bazkari batera gonbidatu gintuzten eta bazkari hartan kriston ogia dastatzeko aukera izan genuen.
  • Non erosi duzue? galdetu nien.
  • Erosi? etxean egiten dugu, erantzuna.
  • No jodas, nik.
  • Nola egiten duzu? hurrengo galdera.
Azalpenak eman zizkidan eta ez zitzaidan zaila iruditu.
  • Animatu eta egin, ikusi duzu kalitate aldetik ez daukala zer ikusirik, esan zidan berak.
Lehen buruari bueltak ematen banizkion hortik aurrera ... "la reostia".
Baina badakizue, alde batetik beldur pixkat bestetik norbera alfer samarra dela, etab... ba horixe, ogia okindegietan erosten.
Iazko uztailan interneten buelta batzuk ematen nebilela blog batera heldu nintzen. Irakurtzen hasi eta bapatean eskumako partean ikusten dut: "como hacer pan de verdad", gainean klikatu, irakurtzen hasi eta, halako baten "masa madre". Eta hori zer ostias dok? Irakurri eta, tachannn... hau da, nik behar dudana, argazki eta guztiz, jooooer!! Oporretara joan eta ezin burutik kendu ikusi nuena, oporretatik bueltatu eta ezin topatu orrialdea, hau marka. Ostia tio, hi tontua haiz!! pentsatu nuen ez nuela gorde konturatu nintzenean. Tontua ez, "tonto del culo", hori haiz hi. Aste bete bila ibili ondoren tachannn, hemen dago berriz ere, "gorde kapullo" eta gorde egin nuen. Irakurri eta, erraza ematen du pentsatzen nengoela, non konturatzen naizen esteka bat duela "muchas maneras de hacerla" izenarekin. Zabaldu, irakurri eta erabakia hartu. Hurrengo egunean zekale irin integrala, gari zuria eta mahatspasak erosi nituen, jogurta baneukan, "y manos a la obra".
Pausu guztiak, Ibanen blogean dauden bezala eman nituen. Benetako ogia jateko, lortzea nahi nuelako, prozesua ziurtatu. Lehenengo egunetan etxean nengoenean potoari begira egoten nintzan. Hirugarren edo laugarren egunean burbuilak ikusi nituenean hura ondo zihoala iruditu zitzaidan, a ze poza!! Aste betera eta bizirik zegoela ikusita, berriz "como hacer pan" zabaldu nuen eta guztiz animatuta, buru belarri, orea egiten jardun nintzen. Ordu batzuetara ogia eginda zegoen, etxean kriston usaina eta guk, ogi ogia (100%) jaten. Bai ogi-ogia, hortik blogaren izena. Ordutik ogi asko egin ditut, denak jangarriak. Batzuk beste batzuk baino dotoreagoak. Borobilak, luzeak, haundiak, txikiagoak, zekale, garia, etabar luze bat.
Oharra.- Gaur egun, elikatu galirin zuriarekin elikatzen dut. Arrazoia? Nere ustez legamia zuria bada, ogi zuria edo integrala egin dezakedalako baina, legamia integrala bada, ez. Integrala izanda, ogiak beti integral puntua edukiko du, neurri txiki baten bai behintzat. Hilean behin zekale integral pixkat botatzen diot asko gustatzen zaiolako, hummm!! eta indartu egiten delako.

Behin susto haundia hartu nuen nire legamia horrela zegoelako. Ogia egin behar nuen eta potoan zegoena ez zidan ematen inongo konfiantzarik. Bol batera atera eta berpiztea lortu nuen.
Hauek dira berpizteko jarraitutako pausuak:
Goiko likido ilun hori bota ondoren irabiatu egin nuen eta pototik 25 gr. bol batera atera nituen. Neurri horri, 75 gr. ur eta beste hainbeste galirin gehitu nizkion, irabiatu eta trapu batekin estali 12 ordutan horrela laga, noizbehinka (3-4) irabiatu. Kostata, baina azkenean burbuila batzuk ikusten zitzaizkion. 12 ordu pasatu ondoren *boletik 50 gr. pasatu nituen beste bol batera eta oraingoan 100 gr. ur eta beste hainbeste galirin gehitu nizkion, irabiatu eta estali. Noizbehinka (5-6) irabiatu, astiaren arabera. Hamabi ordu pasatu ondoren **horrela zegoen, ogia egiteko prest. Boletik 200 gr. ogia egiteko hartu eta beste 50 gr. potora bota eta hozkailura sartu. 200 gr. hoiekin ogi hau egin nuen.

*Lehenengo boletik bigarrenera 50 gr. pasatu ondoren, lehenengoan 125 gr. geratu ziren eta hoiekin hau egin nuen. Argiñañok esaten duen moduan, sukaldean dena aprobetxatu behar da.
** Kriston indarra zeukanez, potoan geratzen zitzaidan gauza ilun hura bota egin nuen.

Ogia egitera noanean, legamia nola aktibatzen dudan:
Berpiztu nuenetik oso legami gutxi daukat hozkailuan, 50 gr. asko jota. Ogia egitera noanean, pototik bolera 20 gr. ateratzen ditut eta neurri horri 40 gr. ur eta beste hainbeste irin gehitzen dizkiot, irabiatu eta estali. Laga horrela 12 ordu, noizbehinka astiaren arabera, irabiatu. Orain, neurri hau daukagu: 20+40+40= 100 gr.
12 ordu pasatu ondoren, 100 gr. hoiei 200 gr. ur eta beste hainbeste irin gehitu, irabiatu eta estali. Laga horrela beste 12 ordutan, noizbehinka irabiatu. Momentuan 100+200+200= 500 gr. ditugu. Neurri honekin, kiloko 2 ogi egin ditzakegu eta sobratzen zaiguna potora.
Beste era batera esanda, 2 ogi egitera banoa, badakit 400gr. legami behar ditudala baina, beti pixkat gehiago egiten dut zerbait gordetzeko. Hasteko, totala zati 25 egingo dut beraz, 500:25=20gr.
Hasierako neurriari, ura eta irina bikoiztuta botako diot, 20 dudanez 40+40=100. Momento honetan totala 100 da, berriz ura eta irina bikoiztu egingo dizkiot beraz, 200+200=500 gr.
Zenbat eta sarriago elikatu, ogiak azido-puntua txikiagoa izango du. Bi aldiz elikatzen badugu, ogiak azido-puntu gutxiago edukiko du behin elikatuta baino. Sarritan, etxerako behin elikatzen dut azido-puntu hori atsegin dugulako baina lagunentzat egiten dudanean bi eta hiru bider ere elikatzen dut. Ulertzen al da?

Oharra.- Niretzat legami naturala egitea ez zen batere zaila izan. Ogia egitea ere ez. Hasi baino lehenago oso argi eduki behar dena zera da, denbora eta pazientzia behar direla. Kontutan izan orea egiten denetik, ogia labetik atera orduko 7 ordu inguru pasatzen direla. Orea egin ondoren astia ez badugu, hozkailua kriston asmakizuna da. Nik, 3 egunetan eduki izan dut. Gure etxean, urritik, gogor eta txikle bezala geratzen diren ogi hoiek ez dira sartu eta ez dira sartuko!!

Irakurri ondoren norbaitek zalantzak baditu, galdetu lasai asko. Edo idatzitako zerbaitekin ados ez badago esan.
Hau nire esperientzia pertsonala da besterik ez, baina neri momentuz ondo joan zait. Norbaitentzat lagungarria bada ba ... de la oxtia.

Animo, nik egin badut edozein egin dezake eta.
Musuak denontzat.

2009/06/20

Ogia, Espelta askooorekin 2. partea.

Ez dakit gogoratzen zareten baina, froga bat neukan egiteke. madridtienemiga blogeko kide batek behin, iruzkin bat bidali zidan non galdetzen ninduen zergatik egiten nuen ogia egiten nuen moduan eta ez beste era batera. Iruzkinean jartzen zidan horren zergatia. Klikatu estekaren gainean eta irakurri ahal izango duzue. Egin dut eta hemen emaitzak. Argazkiak ikustea besterik ez dago.
Goiko biak nire erara egindakoak dira eta beste biak berak esandako erara.
Lehen era honetan egiten nituen, kide horren iruzkina irakurri ondoren froga bat egin nuen berak esandako moduan. Baina froga, osagai berberekin egitea nahi nuen. Esan eta egin.
Era hontara egindakoa anitz gehiago harrotu zen. Horren ondorioz, mozterakoan askoz malguagoa da zalantzarik gabe. Eskuekin estutu eta xaflakorra da, oso. Ahoan sartu eta murtxikatzen hasten zarenean, nabaritzen da askoz samurragoa dela. Zaporean ez dago alde handirik eta iraupenean ere ez, jaja, biak oso onak baitzeunden. Aurrerantzean, zalantzarik gabe, berak esandako erara egingo ditut.
Mila esker.

2009/06/18

Ogia, pizza puntuarekin.

Hiru iloba ditut, bi Eibarren bertan eta bestea Antzuolan. Antzuolakoa ez dut behar beste ikusten baina Eibarkoak, sarritan. Ikusten nautenean (ez beti) galdetzen didate, tio noiz egin behar diguzu pizza? Hainbeste aldiz entzun ondoren ogi hauek egitea bururatu zitzaidan, osagai hauekin :

Galirin zuria 500 gr.
Ura 250 gr.
Legami naturala 200 gr.
Etxean egindako tomatea 75 gr.
Azukrea 6 gr.
Gatza 12 gr.
Albahaca eta oreganoa, gramo batera ez zen ailegatu.

Egin, ore bat egin nuen. Irina, azukrea, albaka eta oreganoa nahastu. Ura, tomatea eta legamia gehitu. Dena, ondo nahasi. Ordu erdi atsedena hartzen laga ondoren, gatza bota eta oratu. Oso arina zegoen eta dezente kostatu zitzaidan. Bertinet teknika erabiliz, berrogeita bost minutu inguru pasatu nituen, zatika, atsedena hartu zezan. Ikusi nuenean ondo zegoela (mintza -membrana- froga egin nion), olioarekin igurtzitako katillu baten sartu nuen. Hurrengo hiru ordutan 3 tolesdura eman nizkion. Bi zatitan moztu, forma eman eta bannetonetara beste pare bat ordu. Labea berotu, taxuak eman eta sartu. Irin zuria zenez lehenengo 20 minutuak 250-235 gradutara, lurrunarekin, eduki nituen. Ura atera, hurrengo 15 minutuak 235-200 gradutara eta azkenengo hamabostak 200-180 gradutara.
Horra hor atera zena.

Kriston kolore dotoria daukate, tomate puntua ez zaie asko (zeozer bai) nabaritzen baina, albaka eta oreganoarena bai. Pixkat umela dago eta fina. Asko gustatu zaigu eta pentsatzen ari naiz beharbada, hurrengoari gustoko pizza baten osagai guztiak jarriko dizkiodala. Gazta (feta) barruan zeukan, ogi bat janda daukat, orduan zergatik ez?
Redio!! Pozik nago, eta ez dakit nola esan. Aiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiajaijaijaijaijai!! Agian ez zarete konturatu baina, irrintzia izan da. Jeje.
Musuak.

2009/06/16

Ogia, frogak frogak.



Beno, ba hauxe da madridtienemiga blogean sartutako azkena, laugarrena. Izenburu hori, aurreko postean esan bezala hango batek, nik egindako galdera bati erantzun ondoren, froga bat egitea erabaki nuelako da. Ez daukat denbora askorik baina, arratsalde hartan ordu batzuk niretzat hartzea pentsatu nuen. Esan eta egin.

Hauek osagaiak:
Galirin zuria 350 gr.
Zekale integrala 150 gr.
Ura 275 gr.
Legami naturala 200 gr.
Gatza 12 gr.
Karamelu likidoa 6 gr.
Erromero apur bat (gramo batera ez zen ailegatu)

Lehenengo aldiz, erromeroa eta karamelu likidoa erabiltzen nituela. Erromeroa, ia ze ikutu ematen zion probatzeko eta karamelua, orea pixkat iluntzeko asmoarekin.
Hasi, beti bezala egin nuen, osagai guztiak nahastuz gatza ezik. Ordu erdiko egonaldia eta gatza bota nion. Ondoren lau minutu inguru oratu.
Eta hemen hasi zen niretzat froga zena. Dakizuenez oratu ondoren orea, hozkailuan sartzen nuen. Oraingo honetan, ez. Tolesdurak (3), hurrengo hiru ordutan egin nizkion eta jarraian hozkailura sartu nuen. Hurrengo egunean atera, giro-tenperatura hartzen laga ordu bete inguru, forma eman eta bannetonera ordu eta erdi. Labea berotu, taxuak eman eta sartu. Lehenengo 20 minutuak 225 gradutara lurrunarekin ondoren, ura atera eta 200 gradutara jaitsi. 15 minutu pasatu eta gero, labeko tenperatura 175 gradutan ipini, handik 15 minutura eginda zegoen.

Hasteko, erromeroak emandako ikutua oso atsegina iruditu zitzaidala esango dizuet. Karameluarekin nahi nuena ez nuen lortu, katxiiiis!! Gehiago bota behar nion, baina ez nintzen ausartu. Gerora, batzuk 40 gr. botatzen diotela enteratu naiz. Asko iruditzen zait, dena dela egunen batean beste froga bat egingo dut.

Frogari buruz zer? Ez nuen diferentzia askorik nabaritu, zerbait bai.
Ateratako konklusioak? Alde batetik, hozkailutik atera ondoren gobernatzea errazagoa egin zitzaidala. Bannetonean azkarrago eta gehiago harrotu zela, taxuak emateko erraztasun gehiago izan nuela. Puntu honetan eta beti egitura bera badu taxua ematerakoan, errekurtso gehiago izango ditudala . Argazkiak lekuko.
Labean ondo harrotu zela eta mamiak beste ogi batzuetan bezalako albeoloak (zuloak) ez zituela. Hala eta guztiz, nahiz eta irudietan konpaktoagoa ikusi oso oso samurra zegoela. Bai zegoen, janda dago eta. Hummmm!! jeje.
Esan beharra daukat froga oso oso positiboa izan zela. Hurrengo ogia aurreko ogiaren osagai berberekin egingo dudala eta uste dut diferentziak hor bai igarriko direla.
Hitz bitan esanda oso pozik nagoela, karajo!!
Hurrengo ogia, noiz izango ote da? Nork daki? Nik ez, behintzat. Je,je.
Oharra.- Pentsatzen ari naiz, eta hau ez da ohikoa je, je. Beharbada egunen baten, legami naturala, legami basatia, ama orea edo nahi duzuen izena eman, buruz idatziko dudala. Nire esperientzia noski. Nola egin nuen, nola berpiztu hilda zegoela pentsatu nuenean, nola elikatu, etab... Zer iruditzen zaizue? Erantzunak onartzen dira, e?

Musuak denontzat,
Juantxo

2009/06/15

Ogia, Espelta askooorekin.

Aurrekoan jarri dizuedan bezala, egun berean bi ore egin nituen eta bigarren hortatik ateratako ogia hauxe duzue:

Osagaiak:
Espelta zuria 300 gr.
Espelta erdi edo semi integrala 200 gr.
Ura 280 gr.
Legami naturala 200 gr.
Gatza15 gr.
Azukrea 8 gr.

Bestean bezalaxe irinak eta azukrea nahastu, ura eta legamia gehitu eta ondo nahasi. Laga ordu erditxo bat eta gatza bota. Bertinet teknika erabiliz, 12 minutu inguru oratu. Hozkailura sartu, hurrengo egunean atera eta 3 ordutan 3 tolesdura egin. Forma eman eta bannetonera sartu. Oraingo honetan harrotzen, 2 ordu eduki beharrean 1,5 ordu laga nuen.
Taxuak eman eta labera. Aurreko ogiaren denbora eta era berberak erabili nituen.
Horra hor mamiaren argazkia.

Ohartxo batzuk.
Irakurri duzuenez harrotzen, 2 ordu eduki beharrean 1,5 ordu eduki nuen. Hirugarren tolesdura eman nionean askoz bigunagoa zegoela iruditu zitzaidan. Kriston burbuila handiak zituen. Ordura arte beste egitura bat zeukan, oraketa erraza izan zen eta ez zen egon batere itsaskorra.
Zergatik aldaketa hau? Normala al da? Hartziduran (fermentazioan) pasatu nintzan?
Sentsazio hori eman zidalako denbora gutxiago laga nuen harrotzen, bai?
Tenperatura gehiago zegoelako ere izan zitekeen. Tenperatura zenbat eta altuagoa izan, harrotzen, denbora gutxiago beharko du. 25 gradu baldin badaude, 20 gradurekin baino arinago harrotuko da, ados? Baina, ez zen kasua.
Bannetonetik ateratzera joan nintzenean, itsatsita zegoen. Kristonak pasa nituen handik ateratzeko baina, lortu nuen. Beste hainbeste taxua (ebakidura) emateko orduan. Hortik itxura irregular hori. Zaporea, ezin hobea.
Hor egindako galdera berberak egin nizkien madridtienemigakoei, erantzun posible dexente eman zizkidaten baina, batekin geratu nintzen. Asko pentsatu ondoren eta oraingoan, asko izan zen je,je. hurrengo ogia desberdin egitea erabaki nuen. Nola? Hori hurrengo ogia argitaratzen dudanean ikusi/irakurriko duzue. Bien bitartean ondo segi, ederrok.

Juantxo