2013/01/21

Kamut eta Aurore Florence

Azkenengo sarrera publikatu nuenetik zazpi hilabete pasa dira, baina ogia egiten jarraitzen dut eta ogiarekin zerikusia duten beste gauza batzuekin ere. 
Ez dut laga bloga eta ez daukat lagatzeko asmorik, momentuz ez behintzat. Sarrerak beste era batera publikatzea da nire asmoa baina guztiz galduta nabil, aber egunen baten laguntza jasotzen dudan eta martxan jartzen naizen.
Ez nuen sarrera bat argitaratzeko asmorik baina pasa zen astean Cantabriako lagun batek oparitutako irinak nituela gogoratu nuen. Sarrerari izena ematen diotenak hain zuzen ere.
Beharbada ez da izango batere zaila irin hauek topatzea baina nik erabili ditudanak, bai.
Zergatik? ba nire lagun horrek erein zituelako, ta ez asko gainera. Hain kantitate gutxi izanda edozein errotan ez zioten ehotuko eta errota bat behar zuenez ba neria eskaini nion. Irailean Laredon elkartu ginan eta bertan ehotu genituen. Gaurko ogia horren ondorioa duzue.

 Osagaiak:

  • 282 gr. Kamut irina.
  • 398 gr. Aurore Florence irina.
  • 200gr. *ama orea.
  • 444 gr. ura.
  • 13 gr. gatza.
*Ama orea egiteko ere bi irin hauek erabili nituen, bakoitzetik 50gr. eta 100gr. ur.

Prozedura:
Bol batera irinak, ura eta ama orea bota, nahastu eta laga 45 minutu atsedena hartzen. Ondoren gatza gehitu eta oratu, kasu honetan 20 minutu inguru. Olioztatutako bol batera sartu eta 3 ordu eta erdiko fermentazioa eman nion, orduro tolesdura bat emanez. Boletik atera, boleatu, eta 15 minututan erlaxatzen utzi. Erlaxatuta dagoenean formatu, irineztatutako banetoi baten sartu, eta bigarren fermentazio eman, kasu honetan bi ordukoa. 

Labea 250ºtan martxan ipini, beheko partean lurruna sortzeko ontzi bat jarriz. Tenperaturara ailegatzen denean, orea banetoitik atera, taxuak eman, labean sartu, lurruna sortu eta 40-45 minututan egina dago. Hasierako 20 minututan 250-225ºtara eduki eta azkenengo 20 minututan 200ºtara jaitsi.
24 ordu pasa ondoren frogatu dugu eta mundiala dago, oso oso ona.
Milesker David.