2009/11/28

Egun haundi bat.

Sarrera honetan protagonistak ez dira nik egindako ogiak, ezta neu ere ez.
Egun honen zain nengoen, aspaldi. Egunero ikusten ditudan "enan@" hoiekin nire blog honetan sarrera bat jartzea nahi nuen. San Andres (Eibarko patroia) eguna, azaroaren 30an da baina, Ikastolan bezperetan ospatzen dugu.
Urtero ospatzen den egun haundia da. Umeentzat ondo pasatzeko eguna eta besteontzat ere. Baserritarrez jantzita etortzen dira eta ez daukate klaserik; iuuupiiiiii!!!!
Ikastolara heldu nintzenean, egunsentia, argazkietan ikusten den bezala zegoen. Egun polita zetorrela zirudien eta horrela izan zen.
Argazkiak ikustea besterik ez dago, lana toki pribilegiatu baten egiten dudala jakiteko. Naturaren erdian, Eibartik bi kilometro eta erdira, Arrateko bidean. Alde hortatik behintzat kriston zortea dut, dudarik gabe.


Zer egiten dute umeak eta irakasleak egun horretan?
Hasi, egun batzuk lehenago hasten dira. Badakizue, antolakuntza: barazkiak, opilak, tresna zaharrak eta halakoak ekarri, azoka dotore bat ipintzeko. Bertsoak, abestiak, dantzak eta abar entseiatu, egun horretan dena ondo atera dadin.
Zergatik? ba, gehien maite dituzten pertsonak etortzen direlako. Gurasoak, aittitta-amamak, anai-arrebak, senideak. Dena ondo atera behar da, inpresionatu behar dituztelako.
Nik, lortzen dutela esango nuke.


Ikastola gainezka egoten da, jendea barra-barra. Edonon topatu ditzakezu, pasiloetan, geletan, komunetan ... Nik ez dakit zenbat pertsona elkartu gaitezken. 700/800, gehiago? ez dakit...
Hamabiak inguruan azaltzen dira. Hasteko, agurra dantzatzen diete ondoren, mailaz maila batzuk abestiak, beste batzuk bertsoak, eta abar... denak, oso ondo prestatuak. Esan bezala, egun haundia.
Bukatu ondoren umeak bazkaltzera jaisten dira eta bisitariak tripa zorriak isilaraztera zerbait janez.
Eta zerbait horren barruan, zer gauza daude? Ba, beste gauza batzuen artean, TALOAK.
Zer pentsatzen zenuten ba? Hamabiak arte ez dutela ezer egiten ala? Oso langileak dira, jeje.
4., 5. eta 6. mailakoek, irakasle batzuen laguntzaz, prestatzen dituzte. Batzuk, kriston talo dotoreak, beste batzuk ez hainbeste baina, denak goxoak, ze demontre!!! 500 bat talo edo gehiago, badaukate meritua....!! ez zaudete ados nirekin?. Bien bitartean txikiek, marrazkiak eta halakoak egiten dituzte gela txukuntzeko eta bisitariei erakusteko. Eurek ere oso langileak direlako.


Taloak egiteko osagai hauek erabili zituzten:
Artoirina
Galirin apur bat (hau tranpa pixkat bada, baina beeno...)
Ur beroa
Gatza

Ez ditut kopuruak jarri ez nituelako pisatu.
Sukaldean txorizoa egosten zuten bitartean umeak, irakasleen laguntzarekin orea egiten hasi ziren.
Irina mahai gainera bota eta sumendi bat egin, gatza eta ura gehitu. Atzamarrekin nahastu. Oratu, orea leuna egon arte. Estali (ez da beharrezkoa) momentutxo baten. Oretik, zatiak hartu, forma zilindrikoa eta zapal zapala eman. Ondo berotuta dagoenean zartaginera bota eta eginda daudenean atera. Txorizoa ipini eta ñam ñam.
Hori egin nuen nik, ñamñamñam. Redio!! Ze, goxoa!!!!


Arratsaldean, herri kirolak eta jolasak. Ondo, ezta? Ez didazue esango ez dela egun haundia, e?
Zeeer?, zuek egun haundiagoa prestatzeko gai zaretela? Ez dut uste.

Sarrera hau egun horretan parte hartu zuten guztiei eskaintzen diet.
Muxu bana denontzat.

2009/11/24

Urte askooootarako

eta nik bertan ikusteko.
Hilaren 17an, Amaiaren urtebetetzea izan zen eta ospatu beharra zegoen. Igandean koinatuak eta loibak etorri ziren. Koinatuak etortzen direnean, ogia egin behar diet, loibei berriz, postrea. Ogia, edozein izan daiteke, postrea ez. Postrea, eurek esandakoa. Oraingo honetan, gazta tarta eta donutsak.
Ostiralean, espelta irinarekin, hiru ogi egin nizkien. Hemen, euretariko bat.
Errezeta hemen daukazue eta hemen hobetuta.
Igandean, donutsak eta gazta tarta.
Bainaaa, onena ezustekoak izaten dira eta nik larunbatean egindako bat, gordeta neukan.
Zein? Hau.
Eta, hori zer da? Ba, hau Dan Leppard-en Lard Cake da. Hik ez dakik ingelesa barren, esango duzue batzuk eta halaxe da. Baina, lagun onak bai. Kasu honetan, laguna dudan Tebak, errezetaren fotokopia bidali zidan. Sarean dauden lau itzultzaile zabaldu eta itzuli egin nuen. Nola, suposatzen duzue ezta? Itzulpena berari bidali nion eta zuzenketa batzuk ondoren, berriz nere eskuetan neukan.

Osagaiak:
Galirin zuria 500gr.
Ama orea 200gr.
Ura 250gr. 20 gradutara.
Gatza 13gr.
2 koilaratxo eta erdi legami freskoa, birrinduta. (10gr.)
Txerri gantza 150gr.
Azukre-hauts 150gr.
Intxaur muskatu arraspatua
2 koilara azukre-hauts hautseztatzeko.

Bol baten, irina eta gatza nahastu. Beste baten, ama orea, ura eta legami freskoa irabiatu. Likidoa, beste bol-era bota eta nahastu ore leuna eta likina eduki arte. Estali eta hamar minutu laga egonean. Lan-gainazala olioztatu eta hamar segunduz oratu, bola forma eman, olioztatutako bol baten sartu, estali eta hamar minutu laga egonean. Orea atera eta operazio berbera egin, baina oraingoan atsedena ordu betekoa izango da, 21-25 gradutan. Oratzeko, Leppard-en oraketa laburrak erabili nituen.
Lan-gainazala irineztatu, orea luzatuz laukizuzen forma eman, 1,2 zentimetroko lodiera eduki arte. Gantza, xerra finetan moztu eta orearen bi herenetan zabaldu. Azukre-hautsa hautseztatu. Gero, beste herenarekin gantza eta azukrea duen erdia tapatu, eta beheko erdia goruntz tolestu (gutuna balitz bezala). Ore barruan, gantza eta azukre guztiz tapatuta geratu behar dira. Orea alde bietatik irineztatuta egon behar da, luzatu, berriz laukizuzena izan arte. Orea, hirutan tolestu berriz ere, estali eta toki fresku baten laga. Niri, hori ahaztu zitzaidan.
Orea, lan-gainazalean luzatu zentimetroko lodiera izan arte. Hegal batetik hasita, biribilduz, zilindro estu bat egin, estali eta 1o minutu laga.
Desmuntatzen den molde baten oinarria, landare-paperarekin forratu. Zorrotza dagoen zerbaitekin, zilindroari alde batetik bestera taxua eman. Orduan, mozketa goruntz begira jarriz oreari, molde oinarrian kiribil forma eman. Moldeari, landare-paperarekin forratuta hegalekoa ipini, estali eta ordu bete edo ia bikoiztu arte laga.
Labea, 200 gradutara aurretik berotu. Intxaur muskatua bota eta azukre-hautsa hautseztatu. Labearen erdian 20 minutuz labekatu ondoren tenperatura 175 gradutara jaitsi, eta beste berrogei minutu inguru eduki edo azalak marroi ilun kolorea izan arte, iaia erreta egongo balitz bezala. Parrilara pasatu baino lehenago, ordu laurden bat moldean bertan, hozten laga.
On egin.
Besarkada bat denontzat.
Sarrera hau, Amaiari eskaintzen diot. Muaka, muaka.
Tebari, mila esker merezi dituelako. Muxu bet politte.

2009/11/08

Pain à l´ancienne (nire bertsioa).

Ogi honi kriston gogoa nion. Aspalditik, gainera.
Topatu ditudan errezeta guztietan erositako legamiarekin eginda azaltzen da. Nire asmoa, erositako legamia ahal dudan eta gutxien erabiltzea da. Ez naiz horren kontrakoa, nahi duenak erabiltzea dauka baina, nik ahal badut behintzat, ez dut erabiliko. Froga bat egin nuen eta ondo atera zitzaidan edo, hori uste dut.
Lan gutxi duen ogia da, berezitasun batzuk ditu. Adibidez, ura 4º. egon behar duela, hidratazio haundikoa dela. Ogi honen kasuan %80, etab.

Osagaiak:
Galirin zuria 250 gr.
Etxean egindako legamia 100 gr. (hau da berpiztuta neukana)
Ura 190 gr.
Gatza 7 gr.
Azukrea 3 gr.

Irina, gatza eta azukrea nahastu. Ura eta legamia gehitu. Oratu. Esaten dute ez dagoela oratu beharrik baina. nik egin nuen. Oso likidoa zegoen beraz, bolean bertan oratu nuen. Argazkian ikusi dezakezuenez, goruntz ateratzen da (pixkat lartxo dago zuek ondo irudikatzeko). Ia ondo azaltzen dudan zuek ulertzeko. Eskua ondo buztita, albo batetik, bolean sartu. Orea heldu, igo eta erlojuaren orratzen norabidean jiratu, bol-a beste eskuarekin alderantziz biratzen den bitartean. Horrela, oretik pikor guztiak desagertu arte. Bol bat olioz igurtzi eta sartu. Hozkailuan gorde.
Hurrengo egunean atera eta (nire kasuan) zortzi ordu giro-tenperaturan laga nuen, ia ia bikoiztu arte.
Ez dakit ondo ikusten den baina, hozkailutik atera nuenean bol-ari marra bat egin nion. Hamar ordu ondoren horrela zegoen.

Eta hemendik aurrera "salvese quien pueda". Maneiatzea oso zaila da, niretzat bai, behintzat.
Labea, aurretik berotu (250º). Erretilu neurrira, landare papera moztu eta irin dexente bota. Ondo bustitako espatula batekin, bol-etik paperera atera baina, kontuz!! Ahal den eta gutxien gasgabetu behar da. Gainetik ere irina bota. Ahal den forma eman eta labera, lurrunarekin. Hamabost minutu pasa ondoren ura atera nion eta beste hamar minututan eginda zegoen.



Orain arte egin dudan ogirik gozoena dela ez dakit esango nukeen baina, hor dabilela bai.
Zaporea? zoragarria!!
Zalantzarik gabe, sarritan egingo dudan ogia da. Ogitartekoak egiteko ezin hobea. Atzo gauean bezala, pare bat arrautz frijitutan txapla txapla egiteko ere, mundiala!! Eta lan gutxi, jeje.
Pd. Hozkailutik atera ondoren ez ziren hamar ordu izan, zortzi baizik.
Muxu bat.