2009/06/28

Uda, beroa, hartzidura.

Uda, beroa, hartzidura (fermentazioa). Kontuz!! udan hau... udan beste hori. Beroarekin dena azkarrago doala. Beti istorio berdinak entzuten.
Pasa zen astean Iduk (ogiaren munduan dabilen beste zoro bat) zera galdetu zidan, ia bannetonean orea zenbat denbora edukitzen nuen. Erantzuna eman nion baina kontuz!!, uda, beroa ... eta bide batez, istorio guzti hoiek niretzat ere argitzeko, froga bat egingo nuela esan ere. Froga, hau izango zela: bi ogi osagai berdinekin baina, hartzidura desberdina emanez. Hemen emaitzak.

Osagaiak:
Galirin zuria 325 gr.
Zekale zuria 175 gr.
Ura 260 gr.
Legami naturala 200 gr.
Gatza 12 gr.
Azukrea 6 gr.

Osagai guztiak nahastu, gatza ezik. Ordu erdi pasatu ondoren gatza gehitu eta bost minutu inguru oratu. Bi oreak berdin berdinak egin nituen baina bati (borobila), hurrengo hiru ordutan 3 tolesdura eman nizkion. Besteari (luzea) ordea, 2,5 ordutan bi. Forma eman eta bannetonetan sartu. Bertan, borobilak 2 ordu pasa zituen, luzeak 1,5 ordu. Taxuak eman eta labean sartu, denbora bera eduki nituen, 50 minutu.

Hauek guk (dastatzaileak eta nik) igarritako diferentziak
Harrotu, biak antzeko samar harrotu ziren, beharbada, luzearen mamia harroagoa geratu zen baina biak oso malgotasun haundiarekin. Taxua, luzeari labean gehiago zabaldu zitzaion beraz (nire gustorako), estetikoki politagoa geratu zen. Alde haundiena zaporean igarri genuen, borobila bestea baino askoz garratzagoa zegoen. Iraundu, biak ere antzeko samar, ordu bete? edo gutxiago, jeje.
Ondorioa? Beroa geroz eta haundiagoa izan, nik behintzat, harrotzen denbora gutxiago izango ditut.
Animo, naiz eta kriston beroa egin lortuko dugu eta. Aupa Idu eta Olaia, "txupauta" dago eta.
Musu pila denontzat.

2009/06/21

Istorio txiki bat.

17 urte inguru dira, Eibarko baserritar bati ogia erosten hasi ginela. Ostiralero erosten genion baina, hurrengo ostiralera ailegatzen ez zitzaigunez, ogia okindegietan erostera behartuta geunden eta sarritan egunean bertan gogortu edo txiklea bezala geratzen ziren.
Nola egingo dute baserri horretan ogia? galdetzen nion nire buruari.
Duela hiru urte Aulestiko lagunek bazkari batera gonbidatu gintuzten eta bazkari hartan kriston ogia dastatzeko aukera izan genuen.
  • Non erosi duzue? galdetu nien.
  • Erosi? etxean egiten dugu, erantzuna.
  • No jodas, nik.
  • Nola egiten duzu? hurrengo galdera.
Azalpenak eman zizkidan eta ez zitzaidan zaila iruditu.
  • Animatu eta egin, ikusi duzu kalitate aldetik ez daukala zer ikusirik, esan zidan berak.
Lehen buruari bueltak ematen banizkion hortik aurrera ... "la reostia".
Baina badakizue, alde batetik beldur pixkat bestetik norbera alfer samarra dela, etab... ba horixe, ogia okindegietan erosten.
Iazko uztailan interneten buelta batzuk ematen nebilela blog batera heldu nintzen. Irakurtzen hasi eta bapatean eskumako partean ikusten dut: "como hacer pan de verdad", gainean klikatu, irakurtzen hasi eta, halako baten "masa madre". Eta hori zer ostias dok? Irakurri eta, tachannn... hau da, nik behar dudana, argazki eta guztiz, jooooer!! Oporretara joan eta ezin burutik kendu ikusi nuena, oporretatik bueltatu eta ezin topatu orrialdea, hau marka. Ostia tio, hi tontua haiz!! pentsatu nuen ez nuela gorde konturatu nintzenean. Tontua ez, "tonto del culo", hori haiz hi. Aste bete bila ibili ondoren tachannn, hemen dago berriz ere, "gorde kapullo" eta gorde egin nuen. Irakurri eta, erraza ematen du pentsatzen nengoela, non konturatzen naizen esteka bat duela "muchas maneras de hacerla" izenarekin. Zabaldu, irakurri eta erabakia hartu. Hurrengo egunean zekale irin integrala, gari zuria eta mahatspasak erosi nituen, jogurta baneukan, "y manos a la obra".
Pausu guztiak, Ibanen blogean dauden bezala eman nituen. Benetako ogia jateko, lortzea nahi nuelako, prozesua ziurtatu. Lehenengo egunetan etxean nengoenean potoari begira egoten nintzan. Hirugarren edo laugarren egunean burbuilak ikusi nituenean hura ondo zihoala iruditu zitzaidan, a ze poza!! Aste betera eta bizirik zegoela ikusita, berriz "como hacer pan" zabaldu nuen eta guztiz animatuta, buru belarri, orea egiten jardun nintzen. Ordu batzuetara ogia eginda zegoen, etxean kriston usaina eta guk, ogi ogia (100%) jaten. Bai ogi-ogia, hortik blogaren izena. Ordutik ogi asko egin ditut, denak jangarriak. Batzuk beste batzuk baino dotoreagoak. Borobilak, luzeak, haundiak, txikiagoak, zekale, garia, etabar luze bat.
Oharra.- Gaur egun, elikatu galirin zuriarekin elikatzen dut. Arrazoia? Nere ustez legamia zuria bada, ogi zuria edo integrala egin dezakedalako baina, legamia integrala bada, ez. Integrala izanda, ogiak beti integral puntua edukiko du, neurri txiki baten bai behintzat. Hilean behin zekale integral pixkat botatzen diot asko gustatzen zaiolako, hummm!! eta indartu egiten delako.

Behin susto haundia hartu nuen nire legamia horrela zegoelako. Ogia egin behar nuen eta potoan zegoena ez zidan ematen inongo konfiantzarik. Bol batera atera eta berpiztea lortu nuen.
Hauek dira berpizteko jarraitutako pausuak:
Goiko likido ilun hori bota ondoren irabiatu egin nuen eta pototik 25 gr. bol batera atera nituen. Neurri horri, 75 gr. ur eta beste hainbeste galirin gehitu nizkion, irabiatu eta trapu batekin estali 12 ordutan horrela laga, noizbehinka (3-4) irabiatu. Kostata, baina azkenean burbuila batzuk ikusten zitzaizkion. 12 ordu pasatu ondoren *boletik 50 gr. pasatu nituen beste bol batera eta oraingoan 100 gr. ur eta beste hainbeste galirin gehitu nizkion, irabiatu eta estali. Noizbehinka (5-6) irabiatu, astiaren arabera. Hamabi ordu pasatu ondoren **horrela zegoen, ogia egiteko prest. Boletik 200 gr. ogia egiteko hartu eta beste 50 gr. potora bota eta hozkailura sartu. 200 gr. hoiekin ogi hau egin nuen.

*Lehenengo boletik bigarrenera 50 gr. pasatu ondoren, lehenengoan 125 gr. geratu ziren eta hoiekin hau egin nuen. Argiñañok esaten duen moduan, sukaldean dena aprobetxatu behar da.
** Kriston indarra zeukanez, potoan geratzen zitzaidan gauza ilun hura bota egin nuen.

Ogia egitera noanean, legamia nola aktibatzen dudan:
Berpiztu nuenetik oso legami gutxi daukat hozkailuan, 50 gr. asko jota. Ogia egitera noanean, pototik bolera 20 gr. ateratzen ditut eta neurri horri 40 gr. ur eta beste hainbeste irin gehitzen dizkiot, irabiatu eta estali. Laga horrela 12 ordu, noizbehinka astiaren arabera, irabiatu. Orain, neurri hau daukagu: 20+40+40= 100 gr.
12 ordu pasatu ondoren, 100 gr. hoiei 200 gr. ur eta beste hainbeste irin gehitu, irabiatu eta estali. Laga horrela beste 12 ordutan, noizbehinka irabiatu. Momentuan 100+200+200= 500 gr. ditugu. Neurri honekin, kiloko 2 ogi egin ditzakegu eta sobratzen zaiguna potora.
Beste era batera esanda, 2 ogi egitera banoa, badakit 400gr. legami behar ditudala baina, beti pixkat gehiago egiten dut zerbait gordetzeko. Hasteko, totala zati 25 egingo dut beraz, 500:25=20gr.
Hasierako neurriari, ura eta irina bikoiztuta botako diot, 20 dudanez 40+40=100. Momento honetan totala 100 da, berriz ura eta irina bikoiztu egingo dizkiot beraz, 200+200=500 gr.
Zenbat eta sarriago elikatu, ogiak azido-puntua txikiagoa izango du. Bi aldiz elikatzen badugu, ogiak azido-puntu gutxiago edukiko du behin elikatuta baino. Sarritan, etxerako behin elikatzen dut azido-puntu hori atsegin dugulako baina lagunentzat egiten dudanean bi eta hiru bider ere elikatzen dut. Ulertzen al da?

Oharra.- Niretzat legami naturala egitea ez zen batere zaila izan. Ogia egitea ere ez. Hasi baino lehenago oso argi eduki behar dena zera da, denbora eta pazientzia behar direla. Kontutan izan orea egiten denetik, ogia labetik atera orduko 7 ordu inguru pasatzen direla. Orea egin ondoren astia ez badugu, hozkailua kriston asmakizuna da. Nik, 3 egunetan eduki izan dut. Gure etxean, urritik, gogor eta txikle bezala geratzen diren ogi hoiek ez dira sartu eta ez dira sartuko!!

Irakurri ondoren norbaitek zalantzak baditu, galdetu lasai asko. Edo idatzitako zerbaitekin ados ez badago esan.
Hau nire esperientzia pertsonala da besterik ez, baina neri momentuz ondo joan zait. Norbaitentzat lagungarria bada ba ... de la oxtia.

Animo, nik egin badut edozein egin dezake eta.
Musuak denontzat.

2009/06/20

Ogia, Espelta askooorekin 2. partea.

Ez dakit gogoratzen zareten baina, froga bat neukan egiteke. madridtienemiga blogeko kide batek behin, iruzkin bat bidali zidan non galdetzen ninduen zergatik egiten nuen ogia egiten nuen moduan eta ez beste era batera. Iruzkinean jartzen zidan horren zergatia. Klikatu estekaren gainean eta irakurri ahal izango duzue. Egin dut eta hemen emaitzak. Argazkiak ikustea besterik ez dago.
Goiko biak nire erara egindakoak dira eta beste biak berak esandako erara.
Lehen era honetan egiten nituen, kide horren iruzkina irakurri ondoren froga bat egin nuen berak esandako moduan. Baina froga, osagai berberekin egitea nahi nuen. Esan eta egin.
Era hontara egindakoa anitz gehiago harrotu zen. Horren ondorioz, mozterakoan askoz malguagoa da zalantzarik gabe. Eskuekin estutu eta xaflakorra da, oso. Ahoan sartu eta murtxikatzen hasten zarenean, nabaritzen da askoz samurragoa dela. Zaporean ez dago alde handirik eta iraupenean ere ez, jaja, biak oso onak baitzeunden. Aurrerantzean, zalantzarik gabe, berak esandako erara egingo ditut.
Mila esker.

2009/06/18

Ogia, pizza puntuarekin.

Hiru iloba ditut, bi Eibarren bertan eta bestea Antzuolan. Antzuolakoa ez dut behar beste ikusten baina Eibarkoak, sarritan. Ikusten nautenean (ez beti) galdetzen didate, tio noiz egin behar diguzu pizza? Hainbeste aldiz entzun ondoren ogi hauek egitea bururatu zitzaidan, osagai hauekin :

Galirin zuria 500 gr.
Ura 250 gr.
Legami naturala 200 gr.
Etxean egindako tomatea 75 gr.
Azukrea 6 gr.
Gatza 12 gr.
Albahaca eta oreganoa, gramo batera ez zen ailegatu.

Egin, ore bat egin nuen. Irina, azukrea, albaka eta oreganoa nahastu. Ura, tomatea eta legamia gehitu. Dena, ondo nahasi. Ordu erdi atsedena hartzen laga ondoren, gatza bota eta oratu. Oso arina zegoen eta dezente kostatu zitzaidan. Bertinet teknika erabiliz, berrogeita bost minutu inguru pasatu nituen, zatika, atsedena hartu zezan. Ikusi nuenean ondo zegoela (mintza -membrana- froga egin nion), olioarekin igurtzitako katillu baten sartu nuen. Hurrengo hiru ordutan 3 tolesdura eman nizkion. Bi zatitan moztu, forma eman eta bannetonetara beste pare bat ordu. Labea berotu, taxuak eman eta sartu. Irin zuria zenez lehenengo 20 minutuak 250-235 gradutara, lurrunarekin, eduki nituen. Ura atera, hurrengo 15 minutuak 235-200 gradutara eta azkenengo hamabostak 200-180 gradutara.
Horra hor atera zena.

Kriston kolore dotoria daukate, tomate puntua ez zaie asko (zeozer bai) nabaritzen baina, albaka eta oreganoarena bai. Pixkat umela dago eta fina. Asko gustatu zaigu eta pentsatzen ari naiz beharbada, hurrengoari gustoko pizza baten osagai guztiak jarriko dizkiodala. Gazta (feta) barruan zeukan, ogi bat janda daukat, orduan zergatik ez?
Redio!! Pozik nago, eta ez dakit nola esan. Aiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiaiajaijaijaijaijai!! Agian ez zarete konturatu baina, irrintzia izan da. Jeje.
Musuak.

2009/06/16

Ogia, frogak frogak.



Beno, ba hauxe da madridtienemiga blogean sartutako azkena, laugarrena. Izenburu hori, aurreko postean esan bezala hango batek, nik egindako galdera bati erantzun ondoren, froga bat egitea erabaki nuelako da. Ez daukat denbora askorik baina, arratsalde hartan ordu batzuk niretzat hartzea pentsatu nuen. Esan eta egin.

Hauek osagaiak:
Galirin zuria 350 gr.
Zekale integrala 150 gr.
Ura 275 gr.
Legami naturala 200 gr.
Gatza 12 gr.
Karamelu likidoa 6 gr.
Erromero apur bat (gramo batera ez zen ailegatu)

Lehenengo aldiz, erromeroa eta karamelu likidoa erabiltzen nituela. Erromeroa, ia ze ikutu ematen zion probatzeko eta karamelua, orea pixkat iluntzeko asmoarekin.
Hasi, beti bezala egin nuen, osagai guztiak nahastuz gatza ezik. Ordu erdiko egonaldia eta gatza bota nion. Ondoren lau minutu inguru oratu.
Eta hemen hasi zen niretzat froga zena. Dakizuenez oratu ondoren orea, hozkailuan sartzen nuen. Oraingo honetan, ez. Tolesdurak (3), hurrengo hiru ordutan egin nizkion eta jarraian hozkailura sartu nuen. Hurrengo egunean atera, giro-tenperatura hartzen laga ordu bete inguru, forma eman eta bannetonera ordu eta erdi. Labea berotu, taxuak eman eta sartu. Lehenengo 20 minutuak 225 gradutara lurrunarekin ondoren, ura atera eta 200 gradutara jaitsi. 15 minutu pasatu eta gero, labeko tenperatura 175 gradutan ipini, handik 15 minutura eginda zegoen.

Hasteko, erromeroak emandako ikutua oso atsegina iruditu zitzaidala esango dizuet. Karameluarekin nahi nuena ez nuen lortu, katxiiiis!! Gehiago bota behar nion, baina ez nintzen ausartu. Gerora, batzuk 40 gr. botatzen diotela enteratu naiz. Asko iruditzen zait, dena dela egunen batean beste froga bat egingo dut.

Frogari buruz zer? Ez nuen diferentzia askorik nabaritu, zerbait bai.
Ateratako konklusioak? Alde batetik, hozkailutik atera ondoren gobernatzea errazagoa egin zitzaidala. Bannetonean azkarrago eta gehiago harrotu zela, taxuak emateko erraztasun gehiago izan nuela. Puntu honetan eta beti egitura bera badu taxua ematerakoan, errekurtso gehiago izango ditudala . Argazkiak lekuko.
Labean ondo harrotu zela eta mamiak beste ogi batzuetan bezalako albeoloak (zuloak) ez zituela. Hala eta guztiz, nahiz eta irudietan konpaktoagoa ikusi oso oso samurra zegoela. Bai zegoen, janda dago eta. Hummmm!! jeje.
Esan beharra daukat froga oso oso positiboa izan zela. Hurrengo ogia aurreko ogiaren osagai berberekin egingo dudala eta uste dut diferentziak hor bai igarriko direla.
Hitz bitan esanda oso pozik nagoela, karajo!!
Hurrengo ogia, noiz izango ote da? Nork daki? Nik ez, behintzat. Je,je.
Oharra.- Pentsatzen ari naiz, eta hau ez da ohikoa je, je. Beharbada egunen baten, legami naturala, legami basatia, ama orea edo nahi duzuen izena eman, buruz idatziko dudala. Nire esperientzia noski. Nola egin nuen, nola berpiztu hilda zegoela pentsatu nuenean, nola elikatu, etab... Zer iruditzen zaizue? Erantzunak onartzen dira, e?

Musuak denontzat,
Juantxo

2009/06/15

Ogia, Espelta askooorekin.

Aurrekoan jarri dizuedan bezala, egun berean bi ore egin nituen eta bigarren hortatik ateratako ogia hauxe duzue:

Osagaiak:
Espelta zuria 300 gr.
Espelta erdi edo semi integrala 200 gr.
Ura 280 gr.
Legami naturala 200 gr.
Gatza15 gr.
Azukrea 8 gr.

Bestean bezalaxe irinak eta azukrea nahastu, ura eta legamia gehitu eta ondo nahasi. Laga ordu erditxo bat eta gatza bota. Bertinet teknika erabiliz, 12 minutu inguru oratu. Hozkailura sartu, hurrengo egunean atera eta 3 ordutan 3 tolesdura egin. Forma eman eta bannetonera sartu. Oraingo honetan harrotzen, 2 ordu eduki beharrean 1,5 ordu laga nuen.
Taxuak eman eta labera. Aurreko ogiaren denbora eta era berberak erabili nituen.
Horra hor mamiaren argazkia.

Ohartxo batzuk.
Irakurri duzuenez harrotzen, 2 ordu eduki beharrean 1,5 ordu eduki nuen. Hirugarren tolesdura eman nionean askoz bigunagoa zegoela iruditu zitzaidan. Kriston burbuila handiak zituen. Ordura arte beste egitura bat zeukan, oraketa erraza izan zen eta ez zen egon batere itsaskorra.
Zergatik aldaketa hau? Normala al da? Hartziduran (fermentazioan) pasatu nintzan?
Sentsazio hori eman zidalako denbora gutxiago laga nuen harrotzen, bai?
Tenperatura gehiago zegoelako ere izan zitekeen. Tenperatura zenbat eta altuagoa izan, harrotzen, denbora gutxiago beharko du. 25 gradu baldin badaude, 20 gradurekin baino arinago harrotuko da, ados? Baina, ez zen kasua.
Bannetonetik ateratzera joan nintzenean, itsatsita zegoen. Kristonak pasa nituen handik ateratzeko baina, lortu nuen. Beste hainbeste taxua (ebakidura) emateko orduan. Hortik itxura irregular hori. Zaporea, ezin hobea.
Hor egindako galdera berberak egin nizkien madridtienemigakoei, erantzun posible dexente eman zizkidaten baina, batekin geratu nintzen. Asko pentsatu ondoren eta oraingoan, asko izan zen je,je. hurrengo ogia desberdin egitea erabaki nuen. Nola? Hori hurrengo ogia argitaratzen dudanean ikusi/irakurriko duzue. Bien bitartean ondo segi, ederrok.

Juantxo

Ogia, zekale zuriarekin.

Normalean, ez dut izaten denbora askorik eta dudanean bi, hiru eta batzuetan lau ore egiteko aprobetxatzen dut. Kasu honetan bi egin nituen, hau eta hurrengoa. Ogia egiteko modu honek (legami naturala), denbora behar duelako. Legami naturala hozkailuan edukitzen dut, erdi lo (ni bezala). Ogia egin behar dudanean atera, giro-tenperatura hartzen laga eta elikatu. Orea egin baino 24 ordu lehenago hasten naiz elikatzen, hau da, ostiralean arratsaldeko 7etan egiteko asmoa baldin badut ostegunean 7etan hasi. Bi kasu hauetan horrela izan zen.

Osagaiak:
Galirin zuria 325 gr.
Zekale zuria 175 gr.
Ura 300 gr.
Legami naturala 160 gr.
Gatza 13 gr.
Azukrea 3 gr.

Irinak eta azukrea nahastu nituen, ura eta legami naturala gehitu eta dena ondo nahasi. Ordu erdi deskantsatzen laga eta gatza bota nion. Ondoren, 4 minutu inguru oratu. Zekalea duenez asko itsatzen da beraz, pazientziaz hartu, ados? Eskuak bustita izatea asko laguntzen du.
Orea, hozkailura sartu olioz igurtzitako bol edo katilu baten eta bertan laga. Hurrengo egunean atera eta 3 ordutan 3 tolesdura egin. Forma eman eta bannetonean beste pare bat ordu laga, harrotzen.
Labea berotu, taxuak eman eta bertara sartu. Lehenengo 20 minutuak 225 gradutara lurrunarekin, ondoren ura atera eta 200 gradutara jaitsi. 20 minutu pasatu eta gero, labeko tenperatura 180 gradutan ipini, handik 10 minutara eginda dago. Bestela badakizue, popan ukitu batzuk eman.
Eta ikusten duzuena da, atera zena.

Orain arte gatza, hasieran jartzen nion irina eta azukrearekin batera baina, madridtienemiga eta bonsfocs blogetan, deskantsatu ondoren botatzea hobe zela irakurri nuenez ba, orain horrela egiten ditut.
On egiiiiiin.
Juantxo

Estreinaldi Ogia.

Esandakoa betetzen, horra hor lehenengoa.
Beno, ez da egiten dudan lehenengo ogia baina, bai argitaratzen dudan lehenengoa, hortik izenburua (originala,ez?) jeje. Ez daukat oso argi nondik hasi baina, buruari buelta batzuk eman ondoren (asko ez) nire legami naturala aurkeztuko dizuet eta hauxe da, tachaannn:
Ederra, e?
Eta hau, ogia.
Hauexek dituzue osagaiak:
Espelta irin zuria 200 gr.
Gari irina 300 gr.
Ura 260 gr. inguru
Legami Naturala 200 gr. (zurituta)
Gatza 13 gr.
Azukrea 3 gr.

Bertinet teknika erabiliz, 10-12 minutu inguru oratu nuen. Larunbat gau osoa hozkailuan igaro ondoren, igandean goizean goiz atera eta, 3-3,5 ordutan hiru tolesdura egin nizkion. Forma eman eta bannetonean beste 2,5 ordu inguru harrotzen. Labean 250 gradutan lurrunarekin 20 minutu inguru eduki eta gero, ura kendu eta tenperatura 225 gradutara jaitsi, 15 minutu pasatu ondoren eta kolorea hartzen ari zela iruditu zitzaidanez, tenperatura 200 gradutara jaitsi nion eginda egon arte. Eginda dagoen edo ez jakitzeko, popan ukitu batzuak eman eta hutsik dagoela ematen badu, eginda dagoen seinale da. Guztira 45-50 minutu inguru.

Ikusten duzuenez neurri eta denbora batzuk gutxi gorabehera jartzen dizkizuet, garai hartan pixkat anarko nintzelako. Pare bat argazki detaileekin eta zuen iruzkinen zai geratzen naiz.

Oharra.- Beharbada erabiltzen dudan terminologia ez da erraz ulertzen, zalantzaren bat izanez gero galdetu eta ahal dudan neurrian erantzungo dizuet, ados?

On egin eta hurrengoan gehiago, fale?
Juantxo

2009/06/14

Oharra edo azalpena.

Aurkezpena eta ongi etorria ondoren lehenengo posta doakizue. Lehenengo honekin esan nahi dizuet argitaratuko ditudan hurrengo lau errezetak, madridtienemiga.wordpress.com blogean argitaratu nituela. Maiatzak 14ean, Estreinaldi Ogia izenburuarekin lehenengoa. Bigarrena, maiatzak 24ean Ogia, Zekale zuriarekin. Hirugarrena, maiatzak 28an Ogia, Espelta askooorekin eta laugarrena ekainaren 3an Ogia, frogak egiten. Asmoa, eta beti astia baldin badaukat, lau hauek hurrengo egunetan argitaratzea da. Bai ez, bai ez, .... Ikusiko dugu, jeje.

Onak izan,
Juantxo

2009/06/09

Aurkezpena eta Ongietorria - Presentación y Bienvenida.

Beno, azkenean animatu naiz eta nire bloga sortu dut. Juantxo dut izena, Eibartarra naiz eta nire hezurrak mende erdia daukate (ufa). Izenburuan irakurri daitekenez, momentuz behintzat, ogiaren inguruan idatziko dizuet. Horrek, ez du nahi esaterik beti horrela izango denik. Gaurko azalpena elebidun doakizue baina, aurrerantzean denak euskeraz izango dira. Gazteleraz ere jarraituko dut idazten madridtienemiga.wordpress.com blogean. Zuen iruzkinak edozein hizkuntzatan bidali ditzakezue, beti euskera edo gaztelerara itzulita, hizkuntza bi hoietan erantzungo baitizuet (besterik ez baitakit).
Beraz, ongi etorriak izan blogera.

Por fin me he animado y he creado mi propio blog. Me llamo Juantxo, soy de Eibar -Gipuzkoa- y mis huesos ya cantan medio siglo (casi ná). Como podéis adivinar por el encabezamiento escribiré, al menos de momento, en torno al pan. Esto no quiere decir que siempre vaya a ser así. La presentación es bilingüe pero, en adelante todas las entradas irán en euskera. Seguire, publicandolas en castellano igual que hasta ahora, en madridtienemiga.wordpress.com Podeis enviar vuestros comentarios en cualquier idioma, siempre traducidos al euskera o castellano y os contestaré en uno de ellos (es que no sé ninguno mas).
Sed pues, bienvenid@s al blog.

Besarkada bat
Un abrazo
Juantxo