2011/04/27

Suediako arrantzalen ogia

Gogoa nion. Moldea aspaldi erosita nuen baina betikoa, alferkeria, utzikeria, .... zeinek daki.
Sarri, zerbait egiteko aitzaki baten beharra izaten dut, eta kasuan, gauza bera gertatu zait.
Ogi hau Dan Lepard-en liburuan "zekalezko ogi goxoa" izenarekin azaltzen da, baina izena aldatu diot. Zergatik? Arrantzaleen lana izugarri gogorra iruditu eta ogi honek duen istorioa gustatzen zaidalako. Ez dakit egia den edo ez, baina bitxia bai dela behintzat.
Diotenez, Suedian, arrantzaleak denbora luzerako itsasora (Báltico) ateratzen zirenean ogi hau eramaten omen zuten. Itsasoaren baldintzak kontutan zituzten eta horregatik du azala hain beltza, ogia babesteko hain zuzen ere. Jaterakoan, azala kendu, eta barrukoa jaten zuten, azal beltz horri esker mamia bigun mantentzen zelako.
Ez al zaizue xelebrea iruditzen?

NOLA EGIN?
Bezperan edo ordu batzuk (8-10) lehenago beratzen ipini:
  • 240 gr. ura irakiten
  • 50 gr. zekale irin txuria
Aukerako espeziak:
  • Cardamomo hiru lekaren hazi ehotuak.
  • Anis berdearen haziak, koilaratxokada bat.
  • Laranja baten birrindura.
Orearen osagaiak:
  • 200 gr. zekalezko ama orea.
  • 140 gr. ezti.
  • 50 gr. ur 20ºtara.
  • 290 gr. bezperan beratzen jarritakoa.
  • 300 gr. zekale irin txuria.
  • Itsas gatz fina, koilaratxokada bat.
Lehenengo, bezperako nahasketarekin hasiko gara. Horretarako ura irakiten jarri, eta tenperatura 80ºtara jaisten denean, pixkanaka pixkanaka eta pikorrik ez sortzeko ondo irabiatuz, irina gehituko diogu. Estali eta pausatzen laga 8-10 ordu.

Orea egiteko ama orea, ura, eztia eta bezperako nahasketa ondo irabiatu. Irina eta gatza gehitu eta irabiatu berriz ere, ore lodi eta homogeneoa lortu arte. Zekaleak ez du gluten malgua, itsaskorra baizik, eta ez du merezi oratzerik. Espeziak gehitzeko asmoa badugu, orain da momentua. Moldea olioztatu, orea bertara bota, eta espatula busti batekin leundu. Estali eta 25ºko toki baten, 5-6 ordu laga hartzidura egin dezan.
Labea 200ºtara berotzen jarri. Moldearen tamainua duen aluminiozko paper bat olioztatu eta moldera ondo egokituz, estali. Ordu eta erdi labekatu, aluminiozko papera kendu, eta beste ordu bete labekatu azala ondo ilundu arte. Parrila baten gainean ipini, hotza dagoenean moldetik atera, eta olioztatutako landare-paperarekin bildu. Horrela 48 orduz laga etaaa .... on egin.
Goxoa, benetan ... eta erreza, oso erreza.
Zein izan ote da, oraingoan, ni martxan ipintzeko aitzakia? Baaa, bi (edo hiru?) urtebetetze.
Norenak? Bata, kuadrilako batzuen alabarena. Astelehenean, 15 urte bete zituen. Ondotxo dakit zein den eguna, ikastolan lanean hasi nintzen egun berean jaio bait zen. Joooer!! gogoratzen dudala.
Besteak, gaur bertan betetzen ditu. Ogiak lagun asko eman dizkit, baina dudarik gabe hau haundiena eta bereziena da, bai horixe!!!
Bati, badakit gustatu zaiola. Besteak, gaizki ez badoa behintzat gaur bertan jasoko du, eta berari ere gustatzea espero dut.

Zorionak, Jone eta Teba.
Un bico para cada unha dende Galicia, guapetonaasss.

2011/04/06

Okinaren portzentaia

Hemen ikusiko duguna nahiz eta hasiera baten oso zaila iruditu, behin ulertuta, ogia egiteko oso lagungarria egingo zaigu. Beti irin berdinak edo antzekoak erabiltzen baditugu, ogien hidratazioak ezagututa, ezinbestekoa dela esan dezakegu.

Ogi desberdinen hidratazioak:
  • Gaztelako ogia; %50-55
  • Barrak eta ogi basikoa; %60-65
  • Ogi errustikoa (baserrikoa); %65-68
  • Ciabatta, focaccia, pain a l´ancienne,.... %70 gora
Kontutan izan behar dugu formula honekin irina beti %100a izango dela eta osagaien pisua irinaren neurriaren arabera kalkulatuko dugula.

Lehenengo, zein ogi (hidratazioaren arabera) nahi dugun pentsatu behar dugu, ondoren, oreak zein pisu izatea nahi dugun eta horrekin, bai irinaren pisua eta bai urarena aterako ditugu.

Adibide honetan, ogi erreza (%63ko hidratazioa) eta orea kilokoa izango dira.
Gatza ez dugu kontutan hartuko kantitatea oso txikia delako (13gr.)

Irina; unitatea izango denez, 1 izango da.
Ura; %63koa izango denez, 0,63 izango da.
Bihak gehitzen baditugu; 1+0,63= 1,63 ateratzen zaigu.
Orea; kilokoa (1000gr.) izatea erabaki dugu.

Portzentaiak ateratzeko formula:
  • 1000:1, 63= 613gr. irina (%100) eta orearen neurrira ailegatzeko beste guztia ura izango da, beraz,
  • 1000-613= 387gr. ura (%63)
Hauek dira gaurko *adibidean erabiliko ditugun osagaien neurri osoak.

Gaurko adibidearen osagaiak dira, baina legamia (kasuan, ama orea) falta zaigu eta bertatik atera beharko dugu.
Ama orea egiteko erabiltzen dugun neurria normalean %35 inguruan dabil eta adibidean ere neurri bera erabiliko dugu. Gure ama orearen hidratazioa %100 da, beraz, irinak eta urak neurri bera dute.
Irinaren pisua (613gr.) kontuak egiteko oinarria denez, eta kontutan izanda ama orean irinak eta urak neurri bera dutela, ateratzen zaigun emaitza bitan zatituko dugu.

Ama orearen neurriak ateratzeko, formula:
  • 613x35:100= 214gr. ama ore, guztira.
  • 214:2= 107gr. irina eta beste hainbeste ura.
Honek, ama orea egiteko bai irinari bai urari 107gr. kenduko dizkiegula esatea nahi du.

Beraz errezeta horrela geratu zaigu:
  • Irina, 506gr.
  • Ura, 280gr.
  • Gatza, 13gr.
  • Ama orea, 214gr.
Ama orea erabili beharrean legami freskoa erabiltzea pentsatzen badugu, *adibide bera izango litzateke baina irinari eta urari ezer kendu barik.
  • Irina, 613gr.
  • Ura, 387gr.
  • Gatza, 13gr.
  • Legami freskoa 12gr. Legami sikua bada, beti freskoaren herena, kasuan, 4gr.
Errezeta horrela ikusten badugu, eta uraren portzentaia zein den jakitzea nahi izan ezkero, hauxe izango litzateke formula:
  • 387:613= 0,63. Hor, uraren portzentaia.
Ulertzen al da? Zuek esan.

2011/02/20

Txakinarto eta gari ogia

Bueno, ba sarrera honekin Luis Azillonari omenaldi xume bat egitea nahiko nioke eta bide batez nire mirespena azaldu.
Pertsona bategaz gauza asko entzuten dituzu (egiak, gezurrak?) baina ezagutzea beste gauza bat izaten da. Kasu honetan entzundako guztia egia zan, baina nire ustez orain arte entzundakoa ez zen bere neurrira ailegatzen.
Txakinartoa zer den jakiteko berarekin egotea ezinbestekoa da. Gauza asko irakurri daitezke, entzun ere, baina bera da horren gainean gehien dakien pertsona, dudarik gabe. Eta oso argi daukat gauza bat, txakinartoa gure artean badago berari esker dela, bere bizitzako ordu eta ordu asko horretan eman dituelako, eta emango dituenak.
Joee!!! bere etxean jandako taloa ez dauka izenik. Horrek bai merezi dituela izar batzuk.
Eta ogi hau, hemen duzuena, berari esker da.
Osagaiak:

150 gr. galirin txuri ekologikoa (RdS)
150 gr. galirin txuri ekologikoa (Los pisones)
200 gr. txakinartoa
220 gr. ama ore txuria (%100)
390 gr. ura (%82)
13 gr. gatza
Lehenengo aldiz egiten nuela eta ez nuen nahi arrieskatzerik, beraz ogi honek ez dauka misterio haundirik. Gehienak bezala egin dut.
Gatza ezik, beste osagai guztiak nahastu, autolisia, gatza gehitu eta oratu. Eskuetan lagatzen duen usaina flipantea, itzela!!! 1. hartzidura, tolesdurak, formatu, 2. hartzidura eta labekatu, besterik ez.
Honi, hirugarren tolesdura ematea kostatu zitzaidan orea oso oso indartsu zegoelako. Orea sartu nuenean labea 270ºtan zegoen.
Hurrengoan, (ez du behar) ur gehiago botako diot onartzen duelako, txakinarto gehiago ere.

Gomendio bat; ahal baduzue bisitatzera joan, ziur nago ez zaretela damutuko, ezta gutxiago ere.
Mila esker, Luis eta familia.

2011/02/15

Gorputz txuria, bihotz beltza.

Ogi hau halakoa da.
Azkenengo tailerrean sobratutako bi irinen nahasketa neukan eta aprobetxatu beharra zegoen.
Bi irin txuri ekologikoak, hortik gorputz txuriarena. Eurekin batera ama ore integrala erabili nuen, hemendik bihotz beltzarena.
Ogi integralak egiteko normalean ama ore integrala erabiltzen dut, baina gaur arte inoiz irin txuriarekin. Probatxeko momentua zen eta hemen emaitza.
Osagaiak:
250 gr. galirin txuri ekologikoa "Los Pisones".
250 gr. galirin txuri ekologikoa "Rincon del Segura".
230 gr. ama ore integrala.
285 gr. ura.
13 gr. gatza.

Osagai guztiak nahastu, gatza ezik. 30 minutuko autolisia egin, gatza gehitu, nahastu, mahai gainera atera eta oratu. Suabe suabe, gozo gozo, eta prisa barik oratu nuen. 10-12 minutu, tarteka atsedenalditxoak emanez.
Olioztatutako bol baten sartu eta hiru orduko hartzidura eman nion, ordu betero tolesdura bat eginez. Boleatu, 10 minutu erlaxatzen utzi, formatu tentsioa emanez eta bannetoian sartu. Berandu zenez hozkailura sartu nuen.
Handik 12 ordura hozkailutik atera eta labea martxan jarri nuen. 260ºra heldu zenean, ura sutan ipini, orea bannetoitik atera, taxuak eman, labean sartu eta ura irakiten behealdean nuen ontzi batera bota.
Labea amatatu eta tenperatura 200ºra heltzen ari zenean berriz piztu nuen. 15 minutu geroago ontzia atera, eta ordu erdi beranduago ogia egina zegoen. Labea amatatu eta bertan beste hamar minutu inguru laga nuen.
Izozkailuan sartu baino lehenago zati bat jan dugu eta samur samurra dago. Goxoa, redio!!!

Sarrera hau asko maite ditudan pertsona batzuei dedikatzea nahiko nieke, Usurbileko peñari hain zuzen ere.
LeIRe, Jabi, Ikatz ;), Andoni, Aitziber U., Pernando, Aitziber, Jakoba eta beste guztiei. Merezi duzuelako, ke ostias!!!
Mila esker. Muxu bana denontzat.

2011/01/16

Bideoak

Aupaaa.
Ama orea nola egin eta nola elikatu ikusteko, bideoak berriz ere, martxan dituzue.
Bai hemen eta bai irinak eta urunak blogean.
Animatu eta martxan jarriii!!!!!!!!

2011/01/01

Urtebete.


Gaur (Urteberri eguna) irinak eta urunak blogak bere lehenengo urtea betetzen du.

Z O R I O N A K


2010/11/15

Gaztainerre eguna

Aupiiii, lehenengo istoria txiki bat.

Egun hau Eibar, Ermua eta Soraluzen arimaren egunetik bigarren astelehenean ospatzen da.
Aintzinean, familiak etxean ospatzen zuten, sarri, familia bat baino gehiago etxe berean elkartuaz. Gaur egun ordea, lagun arteko afari meriendak eginaz ospatzen da. Afari-merienda hauek herriko tabernetan edo inguruko hauzoetako bentetan egiten dira. Afaria goiz xamar hasten da eta lehenbiziko eta plater nagusitzat marraskiloak saltzan, txorizo errea eta azkenik gaztaina erreak dastatzen datza ohitura. Azpimarragarria da baita ere, orain arte gizonezkoek soilik ospatzen zuten jaia zela.
Gaztainerre zergatik? gaur gure basoetan gaztaina gutti bada ere, aspaldi batean ugaria zen arbola mota hau eta urte garai honetan jakirik ugariena eta merkeena (gaztaina) ematen zuelako batipat.
Uste dugu aintzina orain baino hedakunde haundiagoa izango zuela afari merienda honek. Hemen esan ohi denez, hilketa ondorengo "ondra janak" bezala omen da gaztainerre. Horregatik egiten da dominu santu eta arimen egunaren ondoren.
Eibar, Ermua eta Soraluze herrietako nekazarien artean, eta baita Durangaldekoen artean ere, oraindik bizirik irauten du hileta ondorengo "ondra janak". Ohitura hau kontutan harturik argi dago Gaztainerre egunaren jatorria, dominu santu eta arimen egunak haintzat harturik, urtean behingo anaitasunezko otordua egitea hildako guztien oroimenean dala.

Idatzi hau, J.A. Mogel ikastolako artxibotik jasotakoa duzue.

Zapatuan, Dan Lepard eta Ibanek sinatutako pare bat liburu eramatera joan nintzen. Toki bietan opariak eman zizkidaten, euretariko baten, gaztaina irina eta horregatik gaurko ogi hau.
Gaur Eibarren, gaztainerre eguna ospatzen da eta hauxe duzue, nire aportazioa.

Osagaiak:
300 gr. ogia egiteko galirin zuria.
125 gr. gaztaina irina.
75 gr. galirin integrala. Oraingo honetan etxean ehotua ;)
300 gr. ura.
200 gr. ama ore zuria (%100).
10 gr. eztia.
13 gr. gatza.

Gatza ezik osagai guztiak nahastu, estali eta ordu erdiko autolisia egiten utzi. Ondoren, gatza gehitu, nahastu eta olioztatutako mahai gainera atera. Era tradizionalean oratu eta olioztatutako bol batean sartu. Hartzidura tenperaturaren arabera emango diogu. Kasu honetan (20-22º), hiru ordukoa eman nion, ordubetero tolesdura bat emanez.
Azkenengo tolesdura ondoren, boleatu eta 10 minutu inguru erlaxatzen utzi. Ondoren formatu, bannetoian sartu eta estali. Normalean dena jarraian egiten dut, oraingo honetan, Barakako lagun batzuen bisita izan nuen eta horregatik hozkailuan gorde eta kalera atera nintzen.
Joan zirenean, handik atera eta nahiko igota ikusi nuenez, labea martxan jarri nuen. 250ºtara ailegatu zenean, orea bannetoitik atera, taxuak eman, labera sartu, eta jarraian, lurruna sortzeko beheko partean nuen ontzi batera ura irakiten bota nion. Hamabost minutura, ura atera eta tenperatura 200º jaitsi nuen. Hamabost minutu beranduago 180ºtara jaitsi eta beste hamabost minututan egina zegoen.

Hau da gaztaina irina erabiltzen dudan lehenengo aldia, paketea zabaldu nuenean eta handik ateratzen zen usaina kontutan hartuta ez nion gehiagorik bota. Orain, ogia frogatu ondoren, gehiago onartuko lukeela esan dezaket.

Mila esker Idu eta Xabi.

Muxu bat.