2012/03/26

Schwarzer Hamster (desberdina?)

Kalabaza ogia egin behar nuela pentsatu nuenean Alemaniako blogetatik bueltak ematen ibili nintzan eta euretariko baten hau ikusi nuen. Han egon nintzan, behiak trenari begira egoten diren moduan, eta zera esan nion nire buruari; hurrengoa hauxe, eta hemen dakarkizuet.
Hainbat gauza atentzioa deitu ninduten. Prozesuan, inoiz egindako gauza batzuk azaltzen ziran. Irakurrita nituelako ez ziran ezezagunak, baina inoiz praktikan jarrita eta momentua zan. Bestalde ere, ez dut ulertzen zergatik erabiltzen duten hainbeste legamia, eta prisa ez nuenez, gramu ziztrin batekin prefermento bat prestatzea erabaki nuen.

Ama orea aktibatzeko:
  • Zekalezko ama ore integrala, 15 gr.
  • Ura, 125 gr.
  • Zekale irin integrala, 125 gr.
Dena ondo nahastu nuen eta 26ºtan 17 ordu egon zan.

Prefermentoa:
  • Galirin integrala, 70 gr.
  • Legami freskoa, gramo bat.
  • Ura, 70 gr.
Dena ondo nahastu, ordubete giro-tenperaturan laga, eta ondoren hozkailuan sartu (azmakizun dotoria). Tenperatura hartzeko, erabili baino pare bat ordu lehenago ateratzea komeni da. Guztira, hamalau ordu egon zan.

Beratzen jarri:
  • Ekilore, kalabaza, liho eta sesamo haziak, 160 gr. (bakoitzetik 40 gr.)
  • Zekale irin integrala 110 gr.
  • Ura, 270 gr.
  • Gatza, 12 gr. (hurrengoan pixkat gutxiago)
Dena ondo nahastu, eta giro-tenperaturan bost ordu izan nuen.

Aleak egosi:
  • Zekale aleak, 50 gr.
  • Gari aleak, 50 gr. (ez neukan espeltarik)
  • Ura, 150 gr.
Dena ontzi baten ipini eta egosi ur guztia lurrundu arte, kasu honetan 45 minutu inguru.

Orea:
  • Ama orea.
  • Prefermentoa.
  • Beratzen jarritakoa.
  • Egositako aleak.
  • Galirin integrala, 60 gr.
  • Malta, 10 gr.
  • Olo malutak, 50 gr. (ez nituen zekalekoak)
Bol baten dena ondo nahastu, eta ordu erditxo bat laga lasai egoten. Moldea olioztatu, kasuan 25 x 11 x 8 zentimetrokoa. Ondoren, beste pare bat minutuko astindua eman, moldean sartu, azala buzti, pipitak itsatsi eta estali. 22ºtan 3 orduko fermentazioa egin zuen. Labea piztu eta 250ºtara heltzen denean moldea sartu eta lurruna sortu. Hamar minutura ura atera, tenperatura 180ºtara jaitsi eta beste 50 minututan egina izango duzue.
Prozesu desberdinak daramatzalako atentzioa deitu zidan. Egia esaten badizuet, hiru urtetan eginiko ogiengandik, duda barik hau da desberdinena. Ez naiz ñabardurak eta halako gauzak harrapatzen dituen hoietariko bat, beraz, ez dizuet esango honen edo beste horren tokea duela, ez. Ogi hau nola dagoen esplikatzeko, momentu honetan bururatzen zaidan berba bakarra hauxe da; i-tze-laaaa!!! Ulertu nauzue?

Onak izan, ... ahal baduzue behintzat.

Muxutxuak.




No hay comentarios:

Publicar un comentario