2012/06/07

Ama orea (nola egin?) -Bideoak-

Nire bizitzako lehenengo ogia egitea pentsatu nuenean, ez nekien nondik hasi eta sarean begiratzea bururatu zitzaidan. Hasi eta berehala, ez nekien nondik jarraitu. Toki askotan begiratu nuen baina gauza asko eta asko ez nituen ulertzen.
Buff!!!, hau marka. Non sartu naiz? Merezi al du halako zerbaitetan hastea? Joe, zer da ama orea? Zer okin legamia? Indar irina, zein irin da hori? uff!!!
Ostia!! euro bat hartu, beheko okindegira joan eta egina dago, erreza da, baina ez, ez dut nahi horrela jarraitzerik, benetako ogia jatea nahi dut beraz, aurrera!!!


Nondik hasi? Nik emandako lehenengo pausotik, zer moduz?

AMA OREA
Ogi munduan emandako lehenengo pausoa, hau izan zen, Ama orea. Zergatik hau? Baaa ogia egiteko prozesua ahal dan eta naturalagoa izatea nahi nuelako eta horretarako, etxean egindako legamia erabiltzea pentsatu nuen. Sareko blog batean nola egiten den ikusi nuen, eta han azaldutako metodo bat erabiliz egitea lortu nuen. Metodo hori da hemen jartzen dizuedana, bideoak eta guztiz. Ez da betere zaila, egunetako prozesua denez pazientzia pixkat eskatzen du, besterik ez!!
Beharbada ez zaizue joango bideoetan ikusten den bezala, baina ez larritu eta jarraitu!! Giro tenperatura eta irinen arabera, denbora gehiago edo gutxiago beharko duzue eta. Inportanteena metodoa da, ez irudiak, ados?

Nola egin?
1. eguna.
Osagaiak:
20gr. zekale irin integrala (belardendetan)
20gr. gari indar irina (hipermerkatuetan)
2 koilaratxo jogurt gaingabetua
Mahaspasa batzuk. Kontutan izan zenbat botatzen dituzuen, aurrerago den denak atera behar dituzuelako. Ez dira izan behar azal disdiratsua duten hoietarikoak, azala pixkat zurituta dutenak baizik.
50gr.ur
Horrez gain pisu bat (zehatza bada, hobe), koilaratxoa, kristalezko poto bat, trapu zatia eta gomatxo bat ere beharko dituzue. 
Bideoa, hemen.


Oharra.- Kontutan izan irinen arabera ur gehiago edo gutxiago zurrupatuko duela, ados? Nahastu ondoren testura ahi (papila) lodi batena izan behar duela eta giro tenperatura egokiena 20-25º artean dela, ados?

2. eguna
Osagaiak:
50gr. ur
20gr. zekale irin integrala (belardendetan)
20gr. gari indar irina (hipermerkatuetan)
Bideoa, hemen.


3. eguna
Gaurko honetan, osagaiak bikoiztu egingo ditugu, eta agian burbuilatxo batzuk ikusiko dira.
Osagaiak:
100gr. ur
40gr. zekale irin integrala (belardendetan)
40gr. gari indar irina (hipermerkatuetan)
Bideoa, hemen.

4. eguna
Gaurkoan, mahaspasak kenduko dizkiogu eta pototik daukagunaren 2/3 aterako ditugu. Aurrerantzean, irin zuriarekin elikatuko dugu horrela, ama ore zuria lortuko dugulako eta irinaren arabera ogi zuria edo integrala egin ahal izango dugulako, ulertzen? Ama orea integrala bada, ogi zuria egitea ezinezkoa baita ados?
Burbuilak, atzo baino askoz gehiago egon beharko lirateke.
Osagaiak:
100gr. ur
125gr. gari indar irina (hipermerkatuetan)
Bideoa, hemen.


5. eguna
Ama orea hasi egin da, berriz ere 2/3 aterako ditugu. Hemendik aurrera potoa markatzea komeni zaigu, puntu gorena noiz hartzen duen jakitzeko eta momentu horretan elikatzeko, nahiz eta 24 ordu ez pasatu.
Osagaiak:
Hemendik aurrera eta prozesoa amaitu arte, atzoko osagai berberak erabiliko ditugu.
Bideoa, hemen.


6. eguna
Ikusten duzuenez, burbuila geroz eta gehiago daude eta egunak pasa ahala geroz eta azkarrago hartzen du puntu gorena, ia prest dagoenaren seinale da. Prozesoa beste pare bat egunetan jarraitzea komeni da, ama orea indartsu egoteko. Ondoren, bildur barik, ogia egin dezakezue.
Osagaiak:
Esandako moduan, azken egunetako berberak.
Bideoa, hemen.


Oharra.- Ama orea behin egiten da, nireak dagoeneko 20 hilabete (2011-01-12) ditu. Hori bai, ondo zaindu beharko dugu bestelaaa .... eta horretarako ondo kontserbatu behar da, noski.




No hay comentarios:

Publicar un comentario